"Azkenengo bi urteak latzak izan dira, beraz, aurten karpa jarri dugu"

Erredakzioa 2014ko api. 26a, 08:01

AITZIBER ALAVA (Aiara) zinegotzi lanetan Aiarako Jaien antolaketan parte hartu du eta horren berri eman du elkarrizketaren bitartez. Egitarau oparoa prestatu dute eta jende oro animatzen dute Arespalditza, Kexaa edo Luiaondora hurbiltzen.

Zer goraipatuko zenuke bereziki egitarauaren baitan?

AITZIBER ALAVA (Aiara) zinegotzi lanetan Aiarako Jaien antolaketan parte hartu du eta horren berri eman du elkarrizketaren bitartez. Egitarau oparoa prestatu dute eta jende oro animatzen dute Arespalditza, Kexaa edo Luiaondora hurbiltzen.

Zer goraipatuko zenuke bereziki egitarauaren baitan?

Dena (barre egiten du). Txupina baino lehen mendi ibilaldia izango dugu. Prontxi II. Mendi Martxa. Arespalditzatik atera eta Pagonabarrara igoko dira 09:30ean. Ibilbide polita, laburra eta erraza da. Senideekin egiteko. Ondo kalkulatu dute eta txupinean parte hartzeko denbora egongo da dutxa eta hamaiketakoa hartu eta gero.

12:30ean pregoilarien txanda helduko da. Amor Misericordioso Menagariko Ikastetxeari egokitu zaio egitea. Bere 75. urteurrena da. Haien lana aitortu nahi dugu. Neskak dira gainera eta neskak nahi genituen behingoz gure balkoian.

Jarraian kartel lehiaketaren irabazleari emango diogu saria. Gero herriko abesbatzek izango ditugu, ohorezko aurreskua... eta ez dugu ahaztu nahi berdintasuna eta errespetua, ez jaietan bakarrik, baizik eta urte osoan zehar. Eta euskara berdin.

Bereziki berdintasunaren aldeko mezua zabaldu nahi duzue, ezta?

Bai, txapa batzuk banatuko ditugu bihar eta “Aiaran = + da” leloa agertuko da. Emakumeek erabakitako leloa da eta erabiliko dugu.

Prontxi agertuko da jendeak jakin dezan Aiarakoa dela eta nahiko genuke jende orok jartzea adierazteko emakumeok lasai bizi nahi dugula, ez bakarrik jaietan, jakina.

Eta gogoratu nahi dut zapia ere jantziko dugula aurten suziria jaurti bezain laster.

Beste ohar bat zabaldu duzue, ezta?

Bai, aurten karpa jarri dugu. Azkenengo bi urteak latzak izan dira, hotza eta euria izan baitugu. Jaiak Udala eta elkarteen artean antolatzen dugunez -Aiarako elkarteen lanagatik izango balitz ez lirateke aurrera aterako jaiak eta asko eskertzen diegu-, haiek karpa bat jartzeko eskatu zuten.

Egitarauarekin jarraituz, zer egongo da larunbatean arratsaldean?

Txupina eta gero pote batzuk hartzeko aukera izango dugu herriko tabernetan eta gero herri bazkaria izango dugu. Bakoitzak bere janaria eraman behar du eta udalak ura eta ardoa banatuko du. Karpa azpian izango da eta mahaiak eta aulkiak bertan izango dira baina bakoitzak jarri eta jasoko ditu, arduratsuak baikara.

Jarraian txirrindularien lasterketa izango da, dagoeneko 34. da. AMPAk tailerrak egingo ditu aurten lehenengo aldiz, gai birziklatuekin. Urduri daude baina ziur oso ondo aterako direla.

Gero gauza polita eta berezia egongo da. Jose Angel Zubiaga aizkolariak, lehen mailako kirolaria, kana bertikala ekarriko du, 250 zentimetrokoa. Sekulakoa. Oso lodia da kana eta uste dut marka bat apurtu nahi duela.

Harri-jasotzaileak ere etorriko dira berarekin. Horren ostean txorizoa jango dugu, Zain taldeak joko du eta bukatzeko Trikizioren eskutik berbena izango dugu.

Nagusientzako ekintzak ere antolatu dituzue, ezta?

Bai, igandea Nagusien Eguna da. Urtero elkartzen dira eta elkarrekin bazkaltzen dute. Hasieran bola jaurtiketa izango dute Kexaan. Umeentzako parkea Arespalditzako parkean izango da goizean eta arratsaldean zehar.

Eguerdian mezan elkartuko dira eta herriko abesbatzek musika emanaldia eskainiko dute. Kontzertua eta gero bazkaltzera joango dira guztiak batera Murgara eta gero Otegirekin dantzaldia izango dute.

Arratsaldean ere bola jokoa antolatu dute Luiaondon emakumezkoentzat. Eta eguna bukatzeko berbena, Tximeleta taldea etorriko da Nafarroatik.

Eta Sanprudentziorako zer?

Bueno, hasteko, gure egitarautik kanpo dago, baina ordutegia errespetatu dute Gure Esku Dago ekimeneko kideek. 11:30ean aurkezpena egingo dute trikitilariekin, adar joleekin, mezua zabalduko dute Ataunera joan gaitezen... Ekainaren 8an Ataunera joateko izena emateko parada emango dute. Ekitaldi oso laburra izango da, 20 minututan amaituko da eta Aiarako giza katea egingo dugu.

Sanprudentzio eguna astelehena denez eta Bizkaia alboan dugunez eta jende askok lan egin behar duenez eta nekatuagoak egongo garenez, egitaraua laburragoa da: meza, danborrada ikastolako umeen eskutik, arratsaldean zirko tailerra izango dute adrenalina askatzeko eta bukatzeko erromeria izango dugu Patxi eta Konpainiarekin. Esan digute ezustekoa prestatu dutela hasierako. Aulkiak jarriko ditugu hasieran eta gero dantzarako unea helduko da.

Eta bukatzeko, odolosteak jango ditugu eta Prontxi agurtuko dugu.

Jendea animatu nahi dugu karpa jarriko baitugu. Beraz, nahiz eta euria egin inor ez da bustiko. Bestalde, eskatu nahi diogu jendeari ekitaldi guztien argazkiak egitea -bolatokietan eta lasterketan ere- eta guri helaraztea, ez dauzkagu eta. Helbide honetara bidali behar dute: info@aiarakoudala.com.

Eta jakina, eskertu nahi diogu laguntzen duten pertsona orori egiten duten ahalegina. Beraiek uste dute gutxi direla baina bere ekarpena ezinbestekoa da.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide