Menagaraiko Amor Misericordiosoko eskola izango da aurtengo pregoilaria, 75 urte beteko baitira aurten ireki zenetik
Aiarako Jaiak ospatuko dira, apirilaren 26tik 28ra. Adin guztientzako ekintzez osatutako egitaraua egongo da hiru egun horietan zehar.
Mendi-martxa batekin hasiko dira jaiak, larunbatean (apirilak 26) 9:30etan. Txupinazoa, baina, handik hiru ordura izango da. Añeseko herritarrek botako dute lehenbiziko suziria, eta Aiara osatzen duten gainontzeko herriek eurena botako dute gero. Herri bazkaria egongo da gero, eta jarraian Jesus Isasiren oroimenezko 34. Txirrindulari Sari Nagusia hasiko da. Material birziklatuekin aritzeko tailerrak, bola-jaurtiketa eta herri kirolak egongo dira baita; eta gau partean Trikizio eta Zein taldeek joko dute.
Igande goizean bola jaurtiketa egongo da baita, eta 11:00etatik aurrera umeak beraientzat espresuki jarritako parkean aritu ahal izango dira. Abesbatzen kontzertua egongo da gero, Eskutsiko Ahotsak, Itzalde Abesbatza eta Mendi artean taldeen eskutik. 14:30etan Nagusien XIV. Eguna. Jarraian dantzaldia egongo da Iñaki Otegirekin. Arratsaldeko seietan, berriz, Herri kirolen herri arteko lehiaketa egingo da; eta gau partean Tximeleta taldeak joko du.
Astelehena San Prudentzio eguna izango da. Eta, hori dela eta, ohiko danborrada egingo dute Etxaurren Ikastolako umeek, 13:00etan. Arratsaldean zirku tailerra egongo da eta ondoren erromeria Patxi eta Konpainia taldearekin. 20:00etan odoloste jan herrikoia egongo da eta, ondoren, jaietako maskota den Prontxi barraskiloari agurra egingo zaio, jaien bukaera irudikatzeko.
Bus zerbitzua
Aurreko urteetan bezala, aurten ere Arespalditzara igotzeko bus zerbitzua egongo dela jakinarazi dute Aiarako Udaletik. Larunbatean eta igandean egongo dira busak. Busen ordutegia albiste honen argazkiaren azpian dagoen PDFan topatu daiteke.
Amor Misericordiosoko eskola, pregoilari
Aurtengo pregoilaria Menagaraiko heziketa bereziko Amor Misericordioso eskola-erresidentzia izango da. Aiarako Udaletik jakinarazi dutenez, 1939ko martxoaren 3tik darama eskola zabalik. Bilbotik eta Larrondotik bertaratutako ume talde txiki izan zen bertan bizitzen lehena.
Gerra Zibilaren ostean ume gehiago sartu ziren eskolan, nahiz eta eskola mantentzeko zailtasunak areagotu ziren. 50. hamakardan indarberritu zen, beharrizan bereziak zituzten lehenengo neskak iritsi zirenean. Orduz geroztik “beharrizan bereziak dituzten nesken egonkortasun emozionala eta autoestimua potentziatzea eta euren autonomia hobetzea” du helburu eskolak, Udaletik azaldu dutenez. Gaur egun 52 ume daude eskolan bizitzen.