Zazpi film labur eskainiko dira aurten hamaikagarren urtez martxan jarriko den Laburbira film laburren zirkuituan. Urtero legez, Euskaltzaleen Topaguneak herriz herriko euskaltzaleen elkarteekin elkarlanean antolatzen duen zirkuitua da, eta 2013 urtean euskaraz sortutako film labur azpimarragarri zenbait ezagutzeko aukera emango du.
Martxoaren 14an, ostiralean, abiatuko da zirkuitua eta apirilaren 12an bukatuko da azken bi emanaldiekin. Guztira 30 emanaldi eskainiko dira, gehienak Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako herrietan.
Laburbiraren bidez euskal sortzaileek egiten duten ikus-entzunezkoen ekoizpena Euskal Herrian bertan ezagutarazi nahi dute. Aurtengo zirkuituan eskainitako lanetako batzuk nazioarteko jaialdietan sarituak izan dira, nahiz eta Euskal Herrian bertan gutxi ezagutu.
Emanaldi bakoitzak ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta zazpi film labur eskainiko dira, 2013 urtean ekoitzitakoak. Eta urtero modura, sortzaile eta ikusleen arteko harremana lantzeko, filmen zuzendariekin solasaldiak egiteko aukera egongo da hainbat emanalditan.
Arespalditzako emanaldia
Martxoaren 28an, ostirala, 19:30etan, Arespalditzako udaletxeko aretoan Laburbira emanaldia egongo da, non Lara Izagirreren “Sormenaren Bide Ezkutuak” proiektatuko den. Ordu eta laurdeneko iraupena izango du eta ondoren zinegilearekin solasaldia eta mokadua egiteko aukera egongo da.