7 euro gehiago ordainduko dituzte urtean Aiarako herritarrek zabor tasengatik

Erredakzioa 2014ko mar. 26a, 09:58

Zabor tasen igoera onartu egin da Aiarako Udalean. Orain arte urtean herritar bakoitzak 14 euro ordaintzen zituen zaborrak jasotzeko zerbitzuagatik. Orain, kopuru hori 21 eurora igo da; hau da, urtean 7 euro gehiago.

Zerga igotzearen proposamena Bildurena izan da, eta “filosofia batekin” egin dela adierazi du Josu Artetxe Aiarako alkateak. “Europatik datorren araudiak zaborren zerbitzua tasen bidez ordaintzea eskatzen du”, azaldu du alkateak.

Zabor tasen igoera onartu egin da Aiarako Udalean. Orain arte urtean herritar bakoitzak 14 euro ordaintzen zituen zaborrak jasotzeko zerbitzuagatik. Orain, kopuru hori 21 eurora igo da; hau da, urtean 7 euro gehiago.

Zerga igotzearen proposamena Bildurena izan da, eta “filosofia batekin” egin dela adierazi du Josu Artetxe Aiarako alkateak. “Europatik datorren araudiak zaborren zerbitzua tasen bidez ordaintzea eskatzen du”, azaldu du alkateak.

Igoera Aiaraldeko gainontzeko herriekin zaborren zerbitzuaren harira konbergentzia bat lortzeko asmoz egin dela azaldu du Artetxek eta Aiarako tasa “oso txikia” zela, “normalean 40 eurotik gorakoak izaten dira”.

Horregatik, beste herriekin konbergentzia lortzeko tasak igo behar direla ondorioztatu du alkateak, gobernu-taldea ezarritako parametroekin oso ados ez dagoen arren. Alde horretatik, parametro horiek ikertzeko eta hobekuntzak egiteko atea zabalik jarraitzen duela ziurtatu du Artetxek.

Hala ere, igoera sinbolikoa dela gaineratu du alkateak. “Igoera ehunekotan neurtuta agian handia dirudi, baina ehuneko horren oinarria txikia da”.

Hala ere, eztabaida ugari sortu ditu igoerak. “Adostasunak ez dira errazak izan”, aitortu du Artetxek. Alkateak azaldu du hiru ingurumen batzorde egin dituztela talde politikoen artean gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Azkenean Bildu eta Aiara Batuz-en aldeko bozekin onartu da igoera.

Hala ere, etorkizunean zaborren tasaren inguruan eztabaida gehiago egongo direla aurreikusi du alkateak, asmoa ez delako soilik tasa igotzea, “parametro batzuen baitan” igotzea baizik. Eraikinen nolakotasunaren arabera tasa ezberdinak adostea izango litzateke hurrengo pausoa.

 

Burgosekin eztabaida

Beste aldetik, abeltzainen harira Burgosekin izandako eztabaidak aurrera jarraitzen du. Burgosek muga ixtea erabaki zuen, Aiaratik sartzen ziren abeltzainek bertako larreen gehiegizko erabilera egiten zutela argudiatuta. Honen harira Artetxek adierazi du Burgosekin egoera konpontzeko negoziatzen ari direla.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide