Ikerketa abiatu dute 104.000 euro desagertu direlako Arespalditzako Batzar Administratiboan

Erredakzioa 2014ko ots. 25a, 10:55

Arespalditzan sartu berri den Batzar Administratiboaren kalkuluen arabera 104.000 euro inguru falta dira haien kontuetan. Izan ere, 2013 amaieran egindako Batzar Administratiboen hauteskundeen ondorioz ordezkari batzuk aldatu dira. Erakundearen kontu korronte bat eguneratzean sumatu zuten 60.000 euro inguru falta zirela.

Arespalditzan sartu berri den Batzar Administratiboaren kalkuluen arabera 104.000 euro falta dira haien kontuetan.

Urtarrilean piztu da polemika. Pasa den urteko amaieran egin ziren Batzar Administratiboen hauteskundeen ondorioz ordezkari batzuk aldatu dira. Horietako batek erakundearen kontu korronte bat eguneratzean sumatu zuen 60.000 euro inguru falta zirela, kontuen arabera.

Pasa den ostiralean Arespalditzako kontzejua egin zen. Batzarkidea batek azaldu zuen paperetan jasotako mugimenduen eta kontu korrontearen errealitatearen artean 104.000 euro inguruko desfasea dagoela.

Arabako Foru Aldundiaren esku

Desagertutako diruaren nondik norakoak ikertzea Arabako Foru Aldundiaren eskumena izango da. Antza 3 Batzar Administratibo gehiago antzeko edo okerreko egoeran daude herrialdean eta administrazioarekiko auzi-prozesura jotzeko ikerketa oso zorrotza behar du Aldundiak.

Irregulartasun gehiago

Horretaz gain arau-hauste gehiago azalaratu dituzte. Aurreko alkateak 4.992 euro kobratu zituen 2013an modu irregularrean.

Diru kopuru hori dieta gisa bereganatu zuen Batzar Administratiboaren ordezkari lanak egiteagatik. Baina aurretik Foru Aldundiak baliogabetu zuen diru finko bat kobratzea soldata moduan. Aldundiak adierazi zuen Batzar Administratibo baten alkateak lana doan eta borondatez egiten duela, beraz, zeozer kobratzekotan, egindako gastuetan oinarritu behar du eta ez soldata gisa.

Kontu korrontean 3.081 euroko gastua ere justifikatu gabe dago.

Ondorioak

Diru gabeziaren ondorioz Arespalditzako Batzar Administratiboak uko egin beharko dio Gizarte Etxea egiteari. Aurten eraikinaren obrak hasi eta 238.000 euro inguruko diru-laguntza jaso behar zuen Arabako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzatik. Baina obrak hasteko dirurik ez duenez, Arespalditzak aurtengo diru-laguntzak galduko ditu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide