Blackkamera proiektuak argazkigintzaren esparruan ospetsua den beste profesionala ekarriko du Aiarara, Hugo Rodríguez hain zuzen ere. Martxoaren 15ean eta 16an izango da ikastaroa eta izena emateko epea irekita dago 945396742 telefonora deituz.
Josu Zaldibar antolatzaileak adierazi du Blackkamera proiektuak ahalegina egiten duela ikastaro berri bakoitzarekin argazkigintzaren esparru ezberdina lantzen. Duela hilabete batzuk Tino Soriano argazkilaria egon zen Aiaran bere eskutik. Sorianok, besteak beste, National Geographic aldizkarirako lan egin du eta bidaiak eta erreportajeak lantzen ditu gehienbat.
Hugo Rodríguezen profila, ordea, guztiz ezberdina da. Ingeniaria eta argazkilaria, RAW nola ekoizten den azalduko du. Argazkien kalitatea nola optimizatu edota monitorea nola kalibratu ere irakatsiko du.