Luiaondok anbulatorio berria izango du 2015erako, Patxita Etxea izenarekin. Gaur egungoa zaharkituta dagoela iritzita, gobernu taldeak bere legealdiaren helburuetan berria eraikitzea zehaztu zuen. Hala, foru planak bi urtetan bukatuta egotera behartzen du. Proiektua gauzatu ahal izateko 90.000 euro inguruko diru-laguntza jasoko dute.
Egun, Luiaondoko anbulatorioa gizarte etxearen parean dago. Aiarako herritar gehienak Arespalditzako anbulatoriora joaten dira, modernoagoa baita eta beharrei erantzuteko prestatuagoa. Hala ere, zenbait herritarrek ere Luiaondon jasotzen dute zerbitzua.
Luiaondoko udalaren helburua anbulatorioa ondo prestatzea da, bide batez, Aiaran bizi diren 1.000 pertsona inguruk Arespalditzara joan behar izan ez dezaten. Gainera, egungo eraikinaren baldintzak direla eta, Osakidetzak ez du bere funtzionamenduaren kargu egin nahi.
Aurrekariak
Lehen ideia Arespalditzako zentroaren proiektua Luiaondora eramatea izan zen. Zentro hori egurrezko bungalow baten antzekoa da eta menpekotasunik ez duten agureak jasotzen ditu: eguna han pasatzen dute eta bertan eskaintzen zaie beharrezkoa den arreta.
Proiektu berria
Anbulatorio berria aurreko udal gobernuak erosi zuen eraikin berdinean kokatuko da. Harrizko etxe bat da, 3 solairu dituena.
Josu Artetxe alkatearen hitzetan, birgaitze lanak beharko ditu. Lehenengo solairuan anbulatorioa kokatuko da eta gainontzeko biak libre geratuko dira. Udalak duen diruaren arabera, liburutegia edota kultur etxea jartzeko aukerak analizatuko dituzte.
Aurreproiektua aurreko legealdian ordaindu zen. Proiektua pertsona berdinak garatu du. Eraiki ahal izateko tramite guztiak eginda daude: foru planeko aurkezpena eta onarpena, diru-laguntzaren onarpena… Orain nork garatuko duen eta nork eraiki aukeratu beharko dute. Horretarako, proiektua lehiaketara aterako da, arkitekto talde bati egokitu ahal izateko. Prozesu honek bi-hiru hilabete iraungo ditu. Bigarren pauso batean zein enpresak eraikiko duen erabakiko da.