“Eskualdean karatea egiten ez dago jende asko baina txapeldun ugari atera dira”

Aimar Gutierrez Bidarte 2013ko abe. 26a, 00:27

PAULA GARCIA (Arespalditza 1999) karateka da. Hamalau urte ditu. Duela gutxi Euskadiko txapelketan hirugarren postua lortu du. Araba Karate klubarekin entrenatu eta lehiatzen da. Arabako txapelduna ere bada.

Aurten hirugarren postua lortu duzu Euskadiko txapelketan; nolako esperientzia izan da? 

PAULA GARCIA (Arespalditza 1999) karateka da. Hamalau urte ditu. Duela gutxi Euskadiko txapelketan hirugarren postua lortu du. Araba Karate klubarekin entrenatu eta lehiatzen da. Arabako txapelduna ere bada.

Aurten hirugarren postua lortu duzu Euskadiko txapelketan; nolako esperientzia izan da? 


Ona. Txapelketa azaroaren lehen asteburuan izan zen Gasteizen. Oso ondo pasatu nuen. Txapelketa txikiagoetan garaipenak lortu izan arren hau niretzat garrantzitsuagoa izan zen bertan parte hartzen duten neskek oso maila ona dutelako. Nire kategorian (54 kilotik gorakoak) 15 bat egon ginen. 


Zenbat urte daramatzazu karatea praktikatzen? Nola hasi zinen?


Sei urte daramatzat karatea egiten. Nire ahizpak kirol bera egiten zuen eta sarritan esaten zidan oso dibertigarria zela eta asko ikasten zuela. Horregatik, probatzea erabaki nuen. 


Nolakoak dira zuen entrenamenduak?


Nahiko gogorrak dira. Lehenengo beroketa ariketa batzuk egiten ditugu. Honen ostean karate praktiketara heltzen gara, non indarra lantzeaz gain abiadura, erresistentzia eta malgutasuna lantzen dugun. Horretarako teknika ariketak egiten ditugu, serieak. Horiek hamar aldiz errepikatuz lortzen da praktika.Guk astean bitan entrenatzen dugu Laudion, Amurrion ez dago aukerarik eta.


Aurrez beste txapelketarik irabazi duzu inoiz?

Bai. Pasa den urtean Euskadiko txapelketan hirugarren postua lortu nuen, aurten bezala. Arabako txapelketan aurreneko geratu nintzen. Gogotsu nago.


Zerk motibatzen zaitu txapelketetan? Zer duzu gustokoen?


Konbatera ateratzeko azken momentuak. Motibatu egiten naiz, ez naiz oso urduri jartzen. Daukadan onena ematera joaten naiz. Gure kasuan konbateak egiten dira, borrokak. Klasifikazioak egiten dira. Katen modalitatean mugimenduak eta teknika kalifikatzen dira. Zailtasunaren arabera gehiago ala gutxiago baloratzen dira. 


 Eta zer ez duzu gogoko?


Txapelketetan gainean daramazun presioa. Lehia aurrera doan heinean presioa handituz joaten da, eta horrek urduriago ipintzea suposatzen digu. 
Final bat irabazteko konbate asko pasatu behar dira. Hori jendearen parte hartzearen araberakoa izaten da. Euskadiko txapelketan, adibidez, hirugarren egiteko lau konbate gainditu behar izan nituen. Konbate bakoitzak bi minutuko iraupena du. Ostikoak edo ukabilkadak puntu ezberdinak dituzte. Ostikoak bizkarrean emateagatik bi puntu lortzen dira, buruan emateagatik hiru. Ukabilkadek puntu bat balio dute baina aurpegian edo tripan eman daitezke. Ni bizkarraren bila joaten naiz.


Karatearen egoera nolakoa da eskualdean?


Ez dago jende askorik. Nire klasean bost neska gaude. Ez da oso kirol famatua, baina nire ustez jendea probatzera animatu beharko litzateke. Oso kirol ona da, konpletoa. Defendatzen eta indarra erabiltzen erakusten digute.


Araba Karate Klubetik hainbat txapeldun atera dira, zu barne; uste duzu herrian merezi duten oihartzuna jaso dutela?Nire ustez ez. Araba Karate Klubak garaipen asko eta oso garrantzitsuak eskuratu ditu, bere tamaina kontuan hartuta emaitza handia da. Ez dago jende asko baina txapeldun asko atera dira eta hori ona da. Karatea ez denez kirol nagusienetakoa ez zaio izan beharko lukeen garrantzia ematen. 


Nola ikusten duzu zure etorkizuna karatean? Urte luzez jarraitzeko prest? 


Karatea oso gustukoa dut eta asko disfrutatzen dut praktikatzen. Espero dut urte luzez jarraitzea. Nire helburuak lortu nahi ditut-eta, adibidez gerriko beltza eskuratzea. Momentu honetan gerriko marroia dut, bat falta zait. Oso gogotsu nago txapelketan jarraitzeko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide