Luiaondoko “Arbol Malato” etxebizitzetako ura garbitzeko araztegia konpondu dute. Josu Artetxe Aiarako alkatearen esanetan, auzokideek 2009tik zeramaten “sekulako kiratsa” aguantatzen. Udalak ez du laguntza ekonomikorik eman; “diru publikoarekin obra pribatua egitea litzatekeelako”.
Kaltetutako eremuan 400 pertsona bizi dira: “Oso haserre egon dira. Araztegiaren arduraduna zen konstruktorea desagertu egin zen, eta udalera jo zuten protestan”. Artetxeren arabera, auzokideek esfortzu handia egin dute: “Haiek dirua jarri behar izan dute, eta denen artean falta zen partea ordaindu”. Udalak, aldiz, fosa garbitu du eta URA agentziarekin negoziaketa bideratu.
Ez da, ordea, erraza izan: “Parametroak betetzeko araztegi handiago bat behar zen eta ez dugu dirurik. Auzokideentzat ere eutsiezina zen”. Horregatik, irailean obraren berplanteamendua onartu zuten, eta “egunotan konexio elektrikoa konprobatzean bukatuko da”.