Red de Cortometrajes sareak antolatuta, Aiarako Film Laburren II Jaialdia egingo da asteburu honetan.
Hogei film labur ikusi ahal izango dira, askotariko gai eta generotakoak. Atxikita duzuen eranskinean aurkituko dituzue filmei buruzko xehetasun batzuk.
Emanaldiak ostiralean (azaroak 8) eta larunbatean (azaroak 9) izango dira, 19:30ean, Arespalditzako udal-aretoan, eta egun bakoitzean hamarna film eskainiko dituzte. Sarrera doakoa da, eserleku guztiak bete arte. Adi, dena den, jaialdia iragartzeko kartelean ageri den informazioa ez baitago eguneratuta.
Jaialdiko film onenak 100 euroko saria eskuratuko du, eta, hain zuzen, ikusleek eurek emandako botoen bidez erabakiko da film onena zein izan den.
Red de Cortometrajes sarea film laburren formatua sustatzeko ekimena da, eta 2013an zehar 100 jaialditik gora antolatu ditu Espainiako Estatuko hainbat herritan. Film laburrak erakusteko zirkuituak sortzeaz gain, topalekua ere izan nahi du, aktoreak, ekoizleak, gidoilariak eta ikusleak bildu eta euren parte-hartze aktiboa bultzatzeko. Informazio gehiago, hemen: www.reddecortometrajes.com