Azaroarekin batera, badatoz Aunia kultur elkarteak urtero antolatzen dituen Aiarako XIV. Historia Jardunaldiak. Eskualdeko kultura, etnografia, historia eta arkeologiaren ezagutzaren zabalkundea izaten dute helburu jardunaldi hauek, azkeneko urteetan arrakasta handia izanik. Aurtengo jardunaldiak, lau asteburutan zehar egingo dira, eta bertoko historia izango dute aztergai.
Jardunaldiek bisita gidatu batekin hasiko dira, azaroaren 9an. Egun horretan, Juan Manuel González Cembellín historialariaren eskutik, Negorta (Zuhatzan), eta Uretako (Lantenon) dorretxeen ezaugarriak eta historia ezagutzeko aukera egongo da. Txango honek goizeko 10:00etan izango du hasiera Aiarako udaletxean.
Azaroaren 16an, berriz, Sarobe edo Kortabasoen txanda izango da. Antzineko garaian bere jatorria zuen antolakuntza sistema honen inguruan Luis Mari Zaldua Etxabe arituko da, Eusko Ikaskuntzaren “Asmoz” fundazioaren zuzendaria. Hitzaldia, 18:30etan izango da.
Hirugarren ekitaldia azaroaren 23an egingo da. Larunbat horretan, bertoko historian aditua den Juanjo Hidalgok Elezaxareko indusketen inguruan arituko da. Dirudienez, aztarnategi horretan egindako azken aurkikuntzek informazio berria eman dute eskualdeko erromatarkuntza prozesuaren ezagutzara.
Ekitaldi horretako azken hitzaldia, azaroaren 30ean ospatu egingo da, aurreko hitzaldiak bezala, udaletxeko hitzaldi aretoan. Jardunaldiei bukaera emateko, eskualdeko ekonomian garrantzi handia izan zuen gaztainaren inguruko hitzaldia ospatu egingo da. Hizlaria Alberto Santana Ezkerra Historialaria izango da, eta ez bakarrik Aiaraldean, Euskal Herriko historian produktu honek izandako garrantziaz arituko da.