Garbiketa lanetan aritzen da Gurbisa enpresa. Eskualdean, Aiara Herria, Amurrio eta Laudioko Udalek jasotzen dituzte bere zerbitzuak, azpikontrata moduan. Langileek kobratu gabe hilabeteak daramatzatela salatu zuten. Gauzak horrela, Aiara Herriko EAJk mozio bat sustatu zuen, udaletxean eztabaidatua izan zedin. Mozioaren bidez udalak zerbitzuoi ezetza eman zien, langileek soldata jaso artean. Izan ere, jeltzaleek adierazi bezala, enpresaren egoeraren jakitun, atzerapenik gabe ordaintzen bazitzaion ere, langileen egoerak ez zuen hobera egin.
Zentzu horretan LABek lotsagarritzat hartu du enpresak goiz kobratzeko erakusten duen premia. Sindikatuarentzat egoera horiek instituzioek lan estrukturalak euren gain hartu ez eta azpikontrata bati eskaintzearen erruz ematen dira. Horrela, kalitatezko lan egonkorrak eratu beharrean prekarietatea zabaldu besterik ez dela egiten uste dute sindikatutik.
Aiara Herrian martxan jarritako prozesua Laudion ere abiatuko dela aurreratu du udalak. Amurriotik, ordea, kezkak baino ez dituztela atera esan du LABek. Izan ere, EAJ Aiara Herrian lanpostuen bermearen alde agertu bazen ere, Amurrion neurri hori babesten ez dutela esan du sindikatuak, orain arteko langileen etorkizuna kolokan jarriz. Horregatik, Garbiketaren Herrialdeko Hitzarmena betetzen jarraitzera deitu dute, lanpostuak ziurtatze aldera.
Etxaurren Ikastolako egoera salatu du EAJk
Herri desberdinetan egin bezala, Aiarako alderdi jeltzaleak Bilduren gestiorako gaitasun eza mahai gaineratu du, Etxaurren Ikastolak bizi duen egoera dela eta. Izan ere, 15 egun inguru udal garbiketa zerbitzurik gabe igaro ostean, Ikastolako egoera penagarria dela salatu dute: urperatutako komunak, gela zikinak…
Gauzak horrela, udal taldeari neurriak hartzeko eskatu dio, batik bat Etxaurren Ikastola eta Luiaondoko osasun zentroa garbi mantendu ditzan.