Asunek gordetzen dutena

Erredakzioa 2013ko eka. 15a, 09:54

Patxik, Naturayala blogeko kideak, beste sarrera bat idatzi du:

"Belardiaren ertzean, ongarri piloaren ondoan asun mordo bat ageri da. Baratza aldera noan bakoitzean ondotik pasatzen naiz eta begirada bat botatzen diot. A zer sasoia erakusten duten landare txar hauek! Hobe nuke piper eta tomateek asunek erakusten duten indarrez haziko balira... Gehiegi ugaritzen direnean, errotik ateratzen saiatzen naiz. Badakit ordea hilabete batzuen bueltan berriz hor agertuko zaizkidala, bere errizomen indarrak bultzaturik.

Patxik, Naturayala blogeko kideak, beste sarrera bat idatzi du:

"Belardiaren ertzean, ongarri piloaren ondoan asun mordo bat ageri da. Baratza aldera noan bakoitzean ondotik pasatzen naiz eta begirada bat botatzen diot. A zer sasoia erakusten duten landare txar hauek! Hobe nuke piper eta tomateek asunek erakusten duten indarrez haziko balira... Gehiegi ugaritzen direnean, errotik ateratzen saiatzen naiz. Badakit ordea hilabete batzuen bueltan berriz hor agertuko zaizkidala, bere errizomen indarrak bultzaturik.

Badaukat egia esan asunak noizean behin bisitatzeko beste aitzaki bat. Asunaren eztenek babes ona eskaintzen duten arren, badago bere hostoak gustoko dituen animalirik. Behi edo ardi bezalako belarjale handiak ez izan arren, astindu ederra ematen diote landareari. Arantzaz babestutako har gudaroste bat asunaren hostoen artean sakabanatu da, eta ilunabarretan gogoz ekiten dio bazka goxoari. Ah, jakiaren gainean bizitzearen atseginak!!! Esnatu eta jan aspertu arte, beste lanik ez. Eta noizean behin zeta-hariz jositako hostoez egindako aterpean izkutatu, atsedena hartzeko.

Aste pare batez joan dira harrak hazten eta edertzen, hasierako kolore iluna urdin eta horiekin apaintzen. Han hemenka, asun zurtoin erasotuen artean beren kabi zaharkituak eta beren azala urratuak ageri dira. Intsektu guztiak bezalaxe beldarrak hazi ahal izateko mudak egiten baitituzte.

Halako batean, ukitu gabeko hosto eder baten gainean, harren jatorria aurkitu dut: arrautz txikitxo multzoa. Udaberri heze honen egun eguzkitsu bakanetako batean  zelatan jarri naiz, erruteen “erruduna” identifikatzeko. Gehiegi itxaron gabe hor ageri zait Vanesa atalanta ederra, noizean behin asun hosto batean pausatuz arrautzak jartzeko... Baina tximeleta polit hau ez da asunak gustoko dituen bakarra. Familia bereko Aglais urticae Nimphalidae-k ere ohitura gastronomiko berdinak ditu bere kumeentzako. Are gehiago, neuk ikusitako harrak Aglais-enak dira, Vanesarenak oraindik jaiotzear omen daude...

Eta bapatean, egun batean beldarren arrastorik ez. Nora joan dira? Akaso lurrazpian sartu ote dira? Ala asunen zurtoinetan izkutatu, nire gida-liburuak dion bezala? Ondo kamuflatzen dira behintzat, nik ez baitut ezta bat ere aurkitzen. Gutxieneko badakit nahiko janda eta handituta, krisalida moduan gorderik egongo direla, bizitzaren mirari txiki eta ugari horietako bat pairatzeko prest: metamorfosia. Eta noizpait, krisalidatik pinpilinpauxa aterako da eta bere hegoen kolore jaioberrien distiraz udaberri hits eta triste hau alaituko da.

Dena den, ez dira Vanesa Atalanta eta Aglais urticae-ren kumeak asunen bisitari bakarrak. Badira beste batzuk, ondo defendatutako gaztelu hontan pausatzen direnak: txingurrien zaintzapean zurtoinaren izerdi goxoa zurrupatzen duten zorriak, zorrietaz elikatzen diren marigorringoak, eta gosaritarako txingurria gustora eskatuko luketen Arakneren alabak...

Asunen ondoko egur piloan eguzkia hartzen, sugandila zelatan dago, begirada erne, bizitzari so. Ai ene lagun zaharra, zer ez zenidan ba kontatuko mintzatzeko gai izango bazina!!!"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide