Baso igelak

Erredakzioa 2013ko urt. 22a, 09:00

Xabik eta Patxik sarrera interesgarria egin dute naturayala blogean Aiaraldeko baso igelen inguruan:

 

Xabik eta Patxik sarrera interesgarria egin dute naturayala blogean Aiaraldeko baso igelen inguruan:

 

Berriz ere hasi da igel jauzkariaren (Rana dalmatina) ugaltze sasoia gure eskualdean. Aurten, zortzigarren urtea izango da bere populazio dinamikaren jarraipen sistematikoa egiten dugularik, horretarako Aiarako putzu ezberdinetan erruteen zenbaketaz baliatuz. Urtarrilak 11-an Larrinbeko Llano de Abaro-ko putzuetara hurbildu ginen, Amurrioko udalerrian. Han zeuden putzuetan berreskuraketa lanak egin ziren ihaz, baso lanen ondorioz larriki kaltetuak izan bait ziren putzuok.

Bertako lau zokoguneak urez beterik aurkitu genituen, eta igel jauzkariaren sasoiko lehen erruteak ikusi ahal izan genituen. Putzu hauetan igel arreen bi espezie aurki daitezke: igel jauzkaria (Rana dalmatina) eta igel gorria  (Rana temporaria).

Zorionekoak gu, bi espezietako aleak aurkitu bait genituen, bina ar espezie bakoitzeko. Eta horrela haien arteko desberdintasun morfologikoak egiaztatzeko aukera izan genuen, arrek guretzat adeitsuki posatu bait zuten. Igel jauzkariaren burua zorrotzagoa da gorriarena baino, honek muturra motzagoa, boribilagoa izanik.

Igel jauzkariaren tinpanoa handiagoa da (begiaren pareko) eta begitik oso hurbil dago. Igel gorriarengan ordea, tinpanoa txikiagoa da eta begitik urrunago dago.

Arrei  ugaltze garaian eskuetan ateratzen zaizkien kallosidadeak, igel gorriaren kasuan nabarmenki ilunak dira, ia beltzak, eta argiagoak, arreak, igel jauzkariarengan.

Igel jauzkariaren eztarriaren ingurua txuria izaten da. Igel gorriarengan ilunagoa izaten da, batzutan pardo kolorez zikindua, batez ere eztarriaren alboetan.

Llano de Abaro-n, igel gorriaren kolorea zera izaten da, “gorriagoa”, igel jauzkariarena baino arre-gorrixkagoa, azken hau ordea, argiagoa eta grisaxkagoa izanik (Baino batzutan, igel gorrien arrek muki-likatsu batez estalita ageri dira, gris ilun kolorekoa).

Eta azkenik frogarik bereizgarriena. Atzeko gorputzadarrak aurrera luzatuta eta lehen tarsoa tolestuta, igel jauzkariaren kasuan tarsoa bere muturratik haruntzago dago nabarmenki. Igel gorriarengan apenas iristen da muturrera, bere gorputzadarrak motzagoak izaki. Saiakera hau egiteak, ordea, piztitxoa manipulatzea eskatzen du, eta hau ez da gomendagarria. Dasta dezagun bere presentzia molestatu gabe!

Kontuan hartu behar da ere igel gorriak erruteak landaretzaren gainean jarri ohi duela, besterik gabe. Igel jauzkariak ordea landaretzan ensartatzen dituu, ahal duenean behintzat. Gehienetan, igel gorriaren errunaldia Igel jauzkariarena baino goiztiarra izan ohi da, bainan ez beti. Sasoi hontan bi espezieen errunaldia batera gertatzeak interes berezia ematen dio gertakizunari. Eta nola ez, galdera berriak sortzen dizkigu… Nolakoa izango da bi espezietako arren arteko interakzioa? Saiatuko al dira elkarri nobiak lapurtzen? Plasta hutsak bihurtuko al dira? Espezie bakoitza bere aldetik kantuan ibiliko al da, ala orfeoi mixtoa osatuko dute? Eta galderarik premiazkoena (arrentzat behintzat), NON DEMONTRE SARTU DIRA NESKAK!!!?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide