"Presoon indarra kanpotik datorkigun indarra da"

Aitor Aspuru Saez 2012ko urt. 23a, 00:00

JOSE ANGEL BIGURI (1955, Menagarai) euskal preso politikoak 22 urte eman ditu hainbat espetxeetan. 197/2006 doktrina (Parot doktrina bezala ezaguna dena) ezarri zion Auzitegi Gorenak eta bere zigorra 2019 arte luzatu zion. Herrerako gartzelan zegoenean minbizia diagnostikatu zioten eta orain, ebakuntza bat izan eta gero, Martutenen dago.

JOSE ANGEL BIGURI (1955, Menagarai) euskal preso politikoak 22 urte eman ditu hainbat espetxeetan. 197/2006 doktrina (Parot doktrina bezala ezaguna dena) ezarri zion Auzitegi Gorenak eta bere zigorra 2019 arte luzatu zion. Herrerako gartzelan zegoenean minbizia diagnostikatu zioten eta orain, ebakuntza bat izan eta gero, Martutenen dago. Ekimen herrikoi batek bere askatasuna eskatu du, baina momentuz giltzapean jarraitzen du.

Martuteneko espetxean zaude orain. Zein da zure egoera?

Iaz, 2011ko apirilean heldu nintzen hona, eta urrian izan nuen ebakuntza. Beste kontsulta otsailean dudala, nola esan, denborapasa. Zeharo ezberdina da leku hau. Egia zen "goian" hobeto jaten dela, baina gehien nabarmendu dudana da giroa. Berrehun bat preso inguru dagoela, Herreran 2-5 kide gauden bitartean, gure artean, nola esan, familia moduan. 

Aldea dago ere ospitale irteeretan. Herreran, 80 km., 9etan atera eta agian arratseko 3retan bueltatu. Hemen, ordea, 5 minutu eta Residencian gaude. Lasaiago joan daiteke, baita ere: orain arte tratu zuzena eman digute, bai Gotzoneri, baita niri ere, bidaietan zein ospitaletan.  

Nola sentitzen zara, fisiko nahiz gogo aldetik? Eta zure senideek nola bizi dute egoera hau?

Beno, minbizia nuela analisien bidez esan zidaten. Hau da, ez nuen ezer arrarorik sentitu. Honek lagundu nire egoera berria lasaiago hartzen lagundu dit, egitan, bereziki lagungarria da etxe hauetan etor daitezkeen arazoak ahal den lasaien hartzeak. 

Hemen nagoen bitartean, gurasoen bisitak izaten ditut. Jadanik Herrerara ezin joan, baina hona, kostata baina  etortzen dira. Haientzat ere ez da batere xamurra, hainbat eta hainbat senidek astebururo "Espainiako bira" egin behar izatea. Gogorra senideentzat.

Ekimen herrikoi bat antolatu da zure askatasuna eskatzeko, nola jaso duzu berri hau?

Kalean gogor ekin beharko da oraindik arazo honen karira: eskubideak eskubide, Espainiako Gortean ez baitute inoiz ikusiko Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Euskal Herriratzea legezko zerbait bezala, bahituak galtzea bezala baizik. Eskubideak txantai tresna moduan maneiatzera ohituta bait daude.
Gartzela inguruan ditugu astebururo manifestariak. Sendagai bikaina benetan, mila mila esker denoi. Entzuten ditugu, ikusi ez. Aiaratik etorriak, abenduko 31koa, handia zela somatu genuen, zer eta txalo zaparradagatik. Ze presoak herria ikusi nekez; baina sumatu bai, ondo sentitzen dugu, sen berri baten bidez edo ez dakit zerekin.

Jakina denez, presoon indarra kanpotik datorkigun indarra da. Presoaren erresistentzia ez da zerbait berezia, barruan dugun zerbait. Presoa ez da berezia den inor, ezbeharrari aurre egiteko zeozer bitxia duenik. Presoen indarraren iturburua kalea da, jendea da. Eta etsaiak ondotxo dakiela, bide guztietatik ahalegindu da presoa herritik isolatzen, alferrik lehen eta alferrik orain. Herria da, beraz, omenaldiak merezi dituena, hurbileko senideetatik hasita eta 110.000 lagunetaraino, eta mobilizatu ezin diren beste hainbestetaraino.

Bestalde, Aiarako udalean gehiengo batek ez omen du ontzat hartzen gaixo dauden presoen kaleratzea. Nik baino hobeto jakinen dute zergatia. Baina, hemendik ikusita, iparra politiko ezaren islada agerikoa ematen du, dezepzio txiki bat ere izan dena gutariko hainbatentzat pertsonalki, bereziki konpromisoak eskatzen digun biharko Euskal Herriari begira.   

Garai berri batean gaude, eraginik izan du Euskal Preso Politikoen egoeran? Nola ikusten duzu etorkizuna?

Garai berritan gaude. Aurrerapausu sendoak ematen ari da eta emango ditu euskal abertzaletasunak. Paradoxikoki, unionistek diote beraien meritua dela egungo egoera. Zer eta independentziaruntz abiatzeak. Baina Patxi Lopezek jakin badaki berea eta farola baten meritua parekoak direla: hor geldirik egotea, herria pasatzen ikusten...
Gartzela barruan Euskal Preso Politikoen Kolektiboak apenas ikusi du inolako aldaketarik azkenaldi honetan. Egia da isolatuta bizi ziren hainbatek patio handia ikusi dutela berriro. Baina hau puntu bat besterik ez da beste hainbaten artean: ehundaka kilometrotara egon; bisitak lan egunetan egin beharra; gartzeleroen jazarpen metodikoa askotan.

Ezin ahaztu ere zigorra beteta dugun hamarna lagun bahituta gaudela. Eta UNED-en laguntzaz ezarri zen bahiketa unibertsitarioa mantentzen dutela, Unibertsitate bat borreroen tresna bihurtu da atseginez; Txus Martin jasatzen ari duen tratua, Gotzone berarena... egunez egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboak pairatzen duen eraso metodikoaren iceberg punta adierazleak dira.

Presoa, hemen barruan lasai eta zoriontsu sentitzen da gizarte justuago bat herri libre batean lortzeko lan egiteko gogoak ikusten bait ditu Euskal Herrian. Ideia politiko argiak eta hoien alde lan egiteko gogoak daudela. Abertzaletasunak etorkizuna eskura duela. Nola ez begiratu ba, aurrerantz baikortasunaz?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide