"British Museumean lan egitea oso esperientzia ona izan da"

Erredakzioa 2017ko urt. 11a, 08:20

AINGERU OLABARRIETA (Murga, 1996) aiararrak ikus-entzunezkoak ikasi zituen eta eszenografia gogoko zuela ikusita, beka lortu zuen Londresera jotzeko eta esparru horretan aritzeko. Bertan British Museum-ean lan egin du, besteak beste.

Nola lortu zenuen British Museumean lan egitea?

Erasmus beka eskuratu nuen eta horrela “Factory Settings” enpresara joan nintzen lan egitera Londresera. Hiriko eszenografia enpresa garrantzitsuenen artean dago eta hiru hilabetez egon nintzen.

 

"Lan nagusienen artean egon zen British Museumean egindakoa".

 

Erakusketariak egin genituen estatuentzat, zutik egon daitezen, mahaiak ere. Hori dela eta, bi egunez egon nintzen British Museumean.

Lekua itxia zen eta langileok bakarrik sartu ahal ginen. Nik Londres utzi nuen ekainaren 4an eta erakusketa maiatzaren 24an ireki zutenez, aukera izan nuen ikusteko.

 

"Nahiz eta mahaiak eta horrelakoak izan, zuk egindako lana han ikusteak oso sentsazio ona eragiten du".

 

 

Azken finean, museoa da Londreseko leku oso bisitatua.

Zer nolako artelan jaso zituzten zuk egindako tresnek?

Sunken cities” erakusketa zen eta Egipton duela bi urte topatutako lanak ziren.

 

"Urperatuta zeuden eta 13-14 metroko bi estatua ziren".

 

Frantzian egon ziren eta gero Londresera eraman zituzten.

Itsasoan aurkitutako platerak eta abar ere bazeuden.

Nolakoa izan zen bertan lan egitea?

Sartu behar ginen sarrera berezia baliatuta, furgonetaz. Ni bakarrik egon nintzen bi egunez. Giroa oso ona zen, azken finean, lantegiko jendea ginen.

 

"Museoko bi ofizial ere bazeuden, ziurtatzeko dena egokia zela. Gauzek oso zuzenak izan behar zuten, zerbait txarto eginez gero, dena bota eta berriro hasteko beharra zegoen".

 

Museoa irekita zegoen, baina lanean ari diren atalak itxita daude eta horrela jendea ez da sartzen. Egia esanda, ematen zuen etxe arrunt batean geundela; paperak zoruan zeuden, mailuak...

Esperientzia oso ona izan zen. 20 urte izateko bertan lan egin dudala esatea bada aukera aitorpen txikia izateko. Berez, han ez nuen denbora gehiegi eman, baina lantegian bi hilabetez gauza ugari egin genuen museorako.

Orokorrean tailerrean egiten genituen eta gero museora eramaten zituzten. Zati handiak han zuzenean egiten ziren.

Artelanak ikusi zenituzten?

Ez, gero ikusi genituen. Artelanak jarri zituzten langileok bukatu eta gero. Uste dut zientifikoen partaidetza beharrezkoa zela, artelanak oso baliotsuak ziren eta edonork ezin ditu ukitu.

Eta Londresen, esperientzia, nolakoa izan zen?

Asko aberastu nau, lanaren esparruan zein pertsona bezala. Londres niretzat izan da mundu txiki bat. Kale batetik bazoaz, herrialde jakin bateko jendea topatuko duzu, alboko kalean beste herrialde batekoak dira...

Badirudi herrialde oroko lagunak daudela eta ez dauzkate hemen ditugun zenbait aurreiritzi.

 

"Horrek asko zabaldu dit pentsatzeko modua eta kanpotarrekiko ikuspegia. Izan ere, ni han etorkina nintzen".

 

Hemen askotan irudi txarra daukagu etorkinei buruz, eta nik lantegian beharra egiten nuen 5 kontinenteetako pertsonekin.

30 langile ginen, kultura aniztasuna bistakoa zen eta oso ondo zegoen. Atsedenaldietan egunero jolasten genuen dardoetan Zeelanda Berriko batek, Australiako batek, Hegoafrikako batek eta laurok. Guztiok ginen etorkinak eta oso ondo konpontzen ginen.

Esperientzia ona izan duzunez, asmoa daukazu errepikatzeko?

Bai, beste herrialde batera joan nahi dut. Berdin dit zait nora, kontua da bertako jendearekin elkartzea eta bizitzea eta frogatzea zelan konponduko naizen beste kultura batekin.

Ez hainbeste lan egiteagatik. Azken finean, lana beti da lana, hemen edo han, baina pertsonak ezberdinak gara eta eurekin ideiak trukatzea gustatuko litzaidake.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide