Aiarako Udalak erabaki du Kantauriko Urkidetzak kudeatu ditzan bere azpiegiturak

Erredakzioa 2017ko ots. 24a, 08:50
Atzoko udalbatza. Argazkia: aiaraldea.eus

Aiarako Udalaren udalbatzan erabaki zuten atzo Kantauriko Urkidetzaren esku uztea uraren behe-hornidura. EH Bilduk eta EAJk alde bozkatu zuten eta Aiara Batuzek aurka.

Aiarako Udalak poligonoan dituen azpiegituren kudeaketa Kantauriko Urkidetzak egingo du. Hala erabaki zuten atzo udal osoko bilkuran. Aiara Batuzek aurka bozkatu zuen, izan ere, bere ustez eztabaidatu behar da udalaren protagonismoa partzuergoan.

Administrazio Batzarrek, orain arte bezala, euren esku izango dute kudeaketa.

Horrez gain, azpiegiturei lotutako zenbait ekimen onartu zituzten.

Las Vegas tabernaren inguruan aparkalekua

Udalak hitzarmena abiatuko du Las Vegas tabernaren atzean dagoen lurzorua erabiltzeko aparkalekua egiteko. Gune berdea ere jarriko dute.

Horretarako, jabearekin akordioa lortu dute. EH Bildu abstenitu zen bozketan eta teknikarien azalpenak nahi zituztela adierazi zuten.

Zuhatzan telebista errepikagailua

Itelazpi Eusko Jaurlaritzako enpresak telebista errepikagailuan hobekuntzak egin ditzan hitzarmena onartu zuten atzo ere. Zuhatzan dago tresna eta lur zabalera gehiago okupatuko ditu hobekuntzen ostean.

Udalaren lehenengo isuna enpresa bati

Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ordaindu zituzten udan zenbait lan Etxaurren Ikastolan. Obra horiek berandu gauzatu zituen eraikuntza enpresak eta, hori dela medio, Aiarako Udalak lehenengo aldiz isuna jarriko dio enpresa bati kontratuko epeak ez betetzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide