“Animaliarekin duzun lotura da politena falkonerian”

Erredakzioa 2017ko mai. 11a, 17:27

Txikitatik darama Victor Manuel Perez Rodriguezek falkonerian. / aiaraldea.eus

VICTOR MANUEL PEREZ RODRIGUEZek (Aiara, 1977) Espainiako Falkoneria Txapelketa irabazi zuen iaz. Diziplina horrekin izan duen esperientzia kontatzeaz gain, Aiarako eta Urduñako Ehiza-Barrutiei ere eskerrak eman nahi izan dizkie emandako laguntzagatik.

Zertan izan zara txapeldun?
Azken urteetan hainbat garaipen lortu dut, baina garrantzitsuena iaz eskuratu nuen, Espainiako Falkoneria Txapelketa. Hegaldi baxuan lortu dut, kategoria horretako hegaztiak erabiltzen baititut.

Finala urtero jokatzen da Sevillan, Osunan, alegia. Uste dut 10 urtez antolatu dutela. Nik distantziagatik ez nuen inoiz parte hartu, baina iaz erabaki nuen joatea. Konstituzioko zubian egiten dute, abenduaren 3an, 4an eta 5ean. Hiru finalista hautatzen dituzte.

Nik lortu nuen finalera heltzea eta txapela eskuratzea. Niretzat garrantzitsua izan da, maila handiko txapelketa baita eta lehiakide ugari aritu zen.

Erkidego guztietako jendea lehiatzen da. EAEn ez zen txapelketarik egin, uste dut aurten egingo dela. Lehen sailkatua Espainiako Txapelketara joaten da.

Nola hasi zinen zu?
Niretzat falkoneria zaletasuna da, ez da ogibidea, baina, hala ere, denbora asko inbertitzen dut.

Umea nintzelarik hasi zen, nire oporrak Gaztela Leonen ziren eta bertan hiru hilabetez mendira joaten nintzen eta animaliak ikusten nituen.

Zorte handia nuen eta han denetarik ikusten zen: otsoak, hegazti harrapariak... izugarria zen.

Gainera, Felix Rodriguez de la Fuenteren "El hombre y la tierra" saioaren eragina zegoen. Falkonerian buru-belarri gaudenoentzat oso garrantzitsua izan da.

Eta berez, falkonerian noiz hasi zinen?
13 edo 14 urterekin. Eskuratu nuen Felix Rodriguez de la Fuenteren "El arte de la cetrería" liburua, eta horren ondorioz hasi nintzen. Ez hemen, baizik eta Gaztela Leonen. Han oso ezaguna zen falkoneria, baina ez hemen.

Arespalditzara etorri nintzenean hasi nintzen benetan falkonerian. Lehiatzen hasi nintzen duela 8 urte. Nire lehen animalia belatza izan zen, 10 urte nituenean.

4 hegazti izan ditut aldi berean, baina ez dut denborarik ganoraz guztiekin lan egiteko, bakoitzak egunero 3 edo 4 ordu behar baititu egon trebatzen. Horregatik orain 2 ditut eta espero dut laster aztore txita jasotzea trebatzeko.

Nola ikasi zenuen zuk?
Irakurtzen, aipatutako liburua ezinbestekoa da. Hori oinarria da. Egia da orain falkoneria asko aldatu dela, baina funtsezko urratsak liburu horrek irakasten ditu.

Gero eskarmentu handiko jendea ezagutu nuen eta gehiago ikasi nuen. Maisu guztiek esaten dute gauza bera, irakurtzea beharrezkoa dela, baita falkoneria aspaldi egiten duen pertsonaren batekin egotea.

 

"Nik beti hartzen ditut gurasoekin hazitako hegaztiak, gizakiekin harremana izan ez dezaten"

 

Nola hasi behar da diziplina honetan?
Bi aukera dituzu, edo animali trebatua hartzea edo, politagoa dena, zuk zure kabuz egitea.

Animaliak zentroetan erosten dira, gatibutasunean hazi baitira. Guztiz debekatuta dago animali basatiak harrapatzea. Gainera, hegazti bakoitza identifikatuta dago, eraztuna eta hezitzailearen paperak ditu.

Nik beti hartzen ditut gurasoekin hazitako hegaztiak, gizakiekin harremana izan ez dezaten. Ia basatiak dira. Trebakuntza gogorragoa eta luzeagoa da; gizakiei beldurra kendu behar diote, eta apurka-apurka trebatu eta konfiantza lortu.

Estimulu positiboen bitartez egin behar da hori. Felix Rodriguez de la Fuentek esaten zuen falkonerian, lehenengo aldiz, gizakiak ez duela zigorra erabiltzen. Animalia eta gizakiaren arteko lotura sortzeko estimulu positiboak baliatzen dira.

Nolakoa da lehenengo aldiz animalia askatzea hegan egin dezan?
Egia esanda, zuk badakizu ondo erantzungo duela. Prozesu oso luzea da. Etxean hasten zara, ikusten duzunean ez dela izutzen, konfiantza hartzen duela, ukabilean jaten duela... sumatzen duzunean ukabilean lasai jaten duela, badakizu animaliak ulertzen duela ukabila leku ona dela, janaria baitago. Orduan jauziak egiten hasi behar da, txikiak, lehenik eta behin, eta gero handiagoak.

Lehenengoa metro erdikoa izan daiteke ukabilera. Gero urrutiagoatik egin daiteke. Hasieran etxean eta gero kanpoan. Kanpoan estimulu gehiago dago eta agian ez dizu kasu egiten. Horregatik konfiantza irabazi behar da apurka-apurka.

Zuretzat zein da falkoneriaren alderik politena?
Animaliarekin sortzen duzun lotura. Mendira ateratzen zarenean berak aukera dauka ihes egiteko, baina hautatzen du itzultzea ukabila altxatzen duzunean.

Horrek esan nahi du naturarekin harremanetan egon behar zarela etengabe eta errespetua zor diezula animaliei. Hori da politena.

Nola hartzen du jendeak zure zaletasuna?
Jendeari arrotza iruditzen zaio, hemen ez baita ezaguna eta, nolabait esatearren, ezkuturik praktikatzen dut.

Ezkutua, ez legez kanpokoa delako, baizik eta inguru lasaia behar dudalako, mendia, alegia.

Hala ere, jakin-mina sortzen dio jendeari, ez daude ohituta eta ezagutu nahi dute. Ikusten dutenean oso polita da.

 

"Mito bat dago eta askok uste dute ez zaiela janaria eman behar, edo gose apur bat izan behar dutela, eta hori ez da egia"



Nola bizi dira zure animaliak?
Egunero egin behar dute hegan. Kirolariak dira, nolabait esateko, geroz eta gehiago entrenatu orduan eta sendoagoak izango dira.

Hegaldietan janaria eman behar diezu. Ondo elikatuta egon behar dira. Mito bat dago eta askok uste dute ez zaiela janaria eman behar, edo gose apur bat izan behar dutela, eta hori ez da egia. Indartsu eta sendo egon behar dira. Atletak dira, azken finean.

Ahalik eta gehien hegan egin behar dute eta etxera itzultzean bere lekuan atsedena hartu behar dute. Ura jarri behar zaie bainua har dezaten -oso gogoko dute- eta eguzkia ere beharrezkoa da.

Norbaitek falkonerian interesa izanez gero, zein da zure aholkua?
Nire aholkua da adituekin harremanetan jartzea. Lehenik eta behin praktikatu dezaten pertsona horiekin. Giro apur bat itxiak dira, baina animaliak ez dira maskotak. Gero hegaztiak txarto zainduta geratzen dira eta ez dira kardantxiloak. Hegazti horiek kirola egiteko eta ehizatzeko dira.

Jende askok animaliak ditu esateko: "begira, hontza edo arranoa daukat", baina animali horiek ez dira erakusteko. Denbora eta dedikazio ugari behar dituzte; egunero hegan egin behar dute, adibidez.

Animaliek ardurak ekartzen dituzte eta egun merkeak direnez -gutxi gorabehera- errazak dira erosteko. Dena den, ez dira maskotak eta denbora asko sakrifikatu behar da eurekin.

Falkoneria, finean, datza harrapari horiekin ehizatzeko trebakuntzan. Horregatik, ezinbestekoa da asko irakurtzea, bideoak ikustea -egun Internetek errazten du hori-, elkarteekin harremanetan jartzea... esaterako, ni elkarte batean nago eta pozik lagunduko dugu edonor.

 

"Printzipioz, ez zen nire asmoa itzultzea, baina txapelduna naizenez, txapela defendatzera joango naiz"

 


Espainiako Txapelketan berriro parte hartuko duzu?
Ez nuen asmorik. Oso urrun dago eta familiarekin noa. Zorionez, gogoko dute eta ume handiak, 4 urterekin, zenbait txapelketan parte hartu du eta emaitza onak lortu ere. Galizian 1. postua eskuratu zuen.

Jakitun naiz bidaia luzeak direla eta umeak nekatzen direla, baina, momentuz, gustuko dute eta jarraitzeko aukera daukat. Horiek dira nire udako oporrak. Urrian hasten dira nire oporrak, txapelketekin batera. Zorionez, lanean baimena ematen didate.

Printzipioz, ez zen nire asmoa itzultzea, baina txapelduna naizenez, txapela defendatzera joango naiz.

Nolakoa da giroa txapelketetan?
Egia esanda paregabea da. Adiskidetasun eta kiroltasun handia dago. Batzuetan ez naiz joaten txapelketetara soilik lehiatzeko, baizik eta zenbait lagun ikusteko.

Taldetxoak sortzen dira, lehiakortasun oso osasuntsua... Giroa aparta da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide