Lan istripua 9:00ak aldera gertatu da Murgan. Elektrizitate estazioan lanean zebilen langilea elektrokutatua hil da.
Suhiltzaileak eta anbulantzia bertaratu dira artatzera, baina ezin izan dute ezer egin, ordubetez baino gehiago erreanimazioa egin dioten arren, pultsu ahula baitzuen. Ertzaintza ari da gertatutakoa ikertzen.
Istripuak zerbitzu elektrikoan eragina izan du, Zuhatzan, adibidez, argirik gabe daude goizetik. Iberdrolak jakinarazi dio Aiarako Udalari pare bat ordutan konponduko dutela.
Elkarretaratzea Amurrion bihar
LAB sindikatuak oharra plazaratu du salatzeko bi hildako egon direla gaur Euskal Herrian lan istripuen ondorioz; Urretxun eta Murgan. Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du biharko (ekainak 1). Herriko Plazan izango da, 12:00etan.
Erakundeak nabarmendu du prekarietatearen ondorio zuzena direla horrelako gertakariak eta azaldu du, Urretxun zendutako behargina gutxienez azpikontrata batean aritzen zela.
Sindikatuen elkarretaratzea
Euskal gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo dute bihar eguerdian Amurrioko herriko plazan salatzeko bi langileen heriotza.