“Luiaondok 'lo-herri' izateari utzi dio, handitu egin da auzokideen parte hartzea”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko eka. 14a, 08:09
Maite Alonso de la Vallina, artxibo irudi batean. / aiaraldea.eus

MAITE ALONSO DE LA VALLINA (Luiaondo, 1968) Luiaondoko Batzar Administratiboko kidea da. Herrian ekainaren 16tik 25era egingo den Aste Kulturalaren nondik norakoak azaldu ditu.

Ekintza ugari antolatu dituzue Luiaondoko Aste Kulturalerako. Zein azpimarratuko zenuke?
San Juan bezperako eguna nabarmenduko nuke bereziki: txokolatada eta sua egongo dira. Jende asko biltzen da bertan. Baina aurten beste ekintza deigarri bat egingo dugu: graffiti bat osatuko dugu auzokide guztien artean. Badago bat egina, baina nahiko hondatua dago. Nahiko ekintza polita izango dela uste dugu.


“Graffiti bat osatuko dugu auzokide guztien artean”


Adin guztientzako ekintzak antolatu dituzue, ez?
Bai, familia giroan egitekoak izango dira ekintza gehienak. Sukaldaritza tailerra egongo da, mendi irteera, barbakoa, Felix Murugutzak gidatutako bisita... adin eta gustu guztientzako ekintzak izango dira.

Luiaondo “lo-herria” dela esan da askotan. Hori apurtzeko helburua du Aste Kulturalak?
Luiaondo “lo-herria” izan zen, bai, baina dagoeneko utzi dio izateari. Laudioko eta Amurrioko jende askok erosi zuen pisua hemen, eta kanpoan lan egiten zutenez lo egitera baino ez ziren etortzen herrira. Baina hori aldatu egin da dagoeneko, jende horrek seme-alabak izan dituelako eta herrian geratzera bultzatzen die horrek.

Parte hartzea handitu da, beraz?
Bai. Orain Aste Kulturala egingo da, baina Gabonetako oporretan ere egiten dira ekintzak, eta Madalenako, Santo Domingo eta San Lorentzo jaiak ere ospatzen dira. Ekintza ugari dago urtean zehar eta jendeak geroz eta gehiago hartzen du parte.


“Ekintza ugari daude urtean zehar eta jendeak geroz eta gehiago hartzen du parte”


Nola antolatzen zarete egitarauko ekintzak aurrera ateratzeko?
Administrazio batzarreko zortzi kideon artean antolatzen dugu Aste Kulturala. Hiru hilabete lehenago biltzen gara, zer egin daitekeen aztertzeko. Badaude urtero errepikatzen diren ekintzak, sua eta txokolatada kasu. Jendearen nahien eta interesen arabera lotzen ditugu gainontzeko ekintzak.

Noiz hasi zineten Aste Kulturala antolatzen?
Txarto oroitzen ez badut, duela 22 urte inguru sortu zen ekimena, Richar herriko parrokoa zenean. Auzokideak biltzeari ekin zion, eta hainbat elkarte jaio ziren modu horretan: Gure Andere emakume elkartea, argazkilaritza taldea... modu horretan sortu zen Aste Kulturala, San Juan bezperaren testuinguruan.

Herriko elkarteen arteko topaketa gisa sortu zen, beraz.
Hala da, bai. Ikasturte amaierako jaia da, elkarte guztien ikastaroak amaitzen direnean egiten dena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide