Aiarako EAJk oharra plazaratu du adierazteko udalak 10.000 euro emango dizkiela aurten herriko bost kolektibori, elkarlan akordioen bidez.
500 euro jasoko ditu Etxaurrengo Lagunak elkarteak, Etxaurrengo Jaiak antolatzeko diru-laguntza gisa. Menagaraiko Amor Misericordiosoko eskolak, aldiz, 2.000 euro jasoko ditu udalaren partetik, altzari eta tresneria berria erosi eta ikasleentzako ekintzak antolatzeko, “euren garapen pertsonala eta integrazioa sustatzeko”.
Valle de Llanteno elkarteak 6.000 euro jasoko ditu Lantenoko Arte Eskolan egiten diren ikastaro eta jarduerak aurrera ateratzeko. Eskutxiko Ahotsak emakume abesbatzak, bere aldetik, 1.000 euroko diru-laguntza izango du bere ekintza-programa aurrera ateratzeko. ASASAM da bosgarren eta azken elkartea: 500 euro jasoko ditu buruko gaixotasunak dituzten pertsonen integrazioa sustatzeko programetarako.
Jeltzaleek azpimarratu dute hitzarmen horiek sinatu izanak argi uzten duela “EAJk Aiarako elkarteekiko duen konpromisoa”.