Aiarako Udalak iragarri du “bi proiektu estrategiko” aurkeztuko dituela 2018-2019 Foru Planeko diru-laguntzetara.
Proiektu horietako bat Etxaurrengo igerilekuetan egingo litzateke. Igerilekuei estalki bat jartzeko txosten teknikoa osatu du udalak.
Arku itxura izango luke teilatu horrek, eta eguraldi txarretik babesteko baliatu ahalko litzateke. Udaletik adierazi dute egitasmo horrek erantzuten diela “Aiarako bizilagunek eta Etxaurrengo azpiegituren erabiltzaileek plazaratutako beharrei”.
Sabaia jartzeaz gain, hesi, banku eta paperontzi berriak ere jarriko lituzkete. 100.793 eurokoa da proiektuaren aurrekontua.
Patxika Etxeko espazioa
Luiaondoko Patxika Etxeari dagokio Foru Planera aurkeztuko duten bigarren proiektua. Eraikin horretako lehen eta azken solairuak eraberritzea da asmoa, erabilera anitzeko gune bat atontzeko. Lehen solairuan liburutegia kokatuko litzateke, eta beste areto bat ere egongo litzateke baita, hainbat motatako ekintzak egiteko balioko lukeena.
Erabilera anitzeko gela bat egongo litzateke azken solairuan; erakusketak, hitzaldiak edo bestelako jarduera kulturalak egiteko baliatu ahalako litzatekeena.
463,95 metro karratu izango lituzke espazioak guztira eta 334.020,80 euroko aurrekontua aurreikusi dute obra guztia egiteko.