Zer da Euskal Encounter?
Ander: Gure ordenagailuekin BECen 5 egunez biltzen gara 4.000 edo 5.000 pertsona inguru, eta bertan egoten gara. Jendeak uste du 24 orduz pantailaren aurrean gaudela, baina ez da horrela; hainbat ekintza antolatzen dira. Antolakuntzak txapelketak eta hamaika jarduera prestatzen ditu, bertan gauden bitartean disfrutatu dezagun.
Zuek zergatik joaten zarete?
Alejandra: Giroagatik joaten naiz ni, gehienbat. Gogoko ditut bideojokoak, baina bertan dagoen giroa oso jatorra eta dibertigarria da. Anderrek esan duen moduan, hainbat ekintza egiten ditugu: hitzaldiak, ikastaroak, txapelketak... Margotu dezakezu, dendak daude...
Bestalde, edozein arazo baduzu, albokoarekin hitz egin dezakezu, nahiz eta ez ezagutu. Jende oro dago laguntzeko prest. Oso giro ona dago eta zure interes berak dituzten lagunekin partekatzen dituzu egunak.
"Jendeak uste du 24 orduz pantailaren aurrean gaudela, baina ez da horrela; hainbat ekintza antolatzen dira"
Zuek zertan parte hartzen duzue?
Ander: Nik, adibidez, bideojoko baten txapelketan parte hartu nuen iaz. Aurten bideo baten bikoizketan lehiatzea da gure asmoa, horri buruzko txapelketa ere baitago.
Nolakoa da egun arrunt bat Euskal Encounterrean?
Alejandra: Ez da egun arrunta, baizik eta gaua (barreak). Norberaren araberakoa da. Batzuk 10:00etan esnatzen dira; eta gero besteak gaude, gauez bizi garenak. Izan ere, 5 egun besterik ez dira eta une guztiak gozatzen saiatzen gara. Horretarako ahalik eta gehien murrizten ditugu lo orduak. Ni, adibidez, 08:30ean edo 09:00etan esnatzen naiz, dutxa hartu, nire postura joan eta gosaltzeko. Telesaioak, filmak eta bideojokoak deskargatzen ditut, jokatzen dut... baina garrantzitsuena gauean gertatzen da. Pantaila handietan bideoak eta filmak emititzen dituzte, lehiaketak antolatzen dira... publikoa mugiarazten dute, nolabait esatearren.
Ander: Hori lo egin dezakezunean! Gure taldean zaintza lanak egiteko txandakatzen gara, ezer arrarorik gerta ez dadin. Dena den, duela 4 edo 5 urte joaten naiz Euskal Encounterrera, eta ez da ezer gertatu inoiz.
Nola erakarriko zenituzkete topaketei buruzko aurreiritziak dituztenak?
Alejandra: Hori da arazoa. Jendeak aurreiritziak ditu eta oso zaila da aldatzea. Ez badira etortzen, ez dute iritziz aldatuko. Senide batzuk ditut mundu hori ez dutenak gogoko. Etorri ziren behin, baina gauza bera pentsatzen jarraitzen dute: isolatuta gaudela hor, eta Euskal Encounterrak antisoziala izatea sustatzen duela.
Ander: Arratsalde batez bizi behar da giroa. Milaka ekintza daude.
Zer da ezberdina gauez ba?
Ander: Giroa ezin da alderatu. Musika jartzen dute. Esaterako, Eurovisioneko mutil baten kantua eta duela 7 urteko bere beste abesti baten zatia elkartu zituzten; eta Gandalfen irudi batzuekin bideoa osatu: jendea erotu zen, eta pasillora joan ginen, aulkia altxatuta, berriro jar zezaten.
Alejandra: 22:00etan edo 23:00etan hasten da jendea berotzen. Bolumena igotzen da, jendea oihuka hasten da ertz batetik bestera: “Marcooo” eta besteak erantzuten du “Polooo”. Orduan antolatzaileak konturatzen dira gehiago nahi dugula, eta argiak amatatzen dituzte. Pantailetan gogoko dugun bideo txotxoloren bat jartzen dute ondo pasa dezagun, eta giroa berotzen denean, guztiok eskatzen dugu Gandalfen abestia, aulkiak hartu eta pasillora joateko. Jendeak korridorea betetzen du eta musikaren erritmora dantzatzen dugu. Kentzen dutenean eseri egiten gara eta txistu egiten dugu berriro jarri arte. Horrela egon gaitezke goizeko 05:00ak arte.
"Giroa berotzen denean, guztiok eskatzen dugu Gandalfen abestia, aulkiak hartu eta pasillora joateko"
Hamaika bitxikeria gertatzen dira, beraz.
Ander: Ni duela urte batzuk berotu eta aurreskua dantzatzera igo nintzen. Gogoan dut hanka altxatzen nuen bakoitzean jende guztiak “ueeeee!” oihukatzen zuela. Gero Laudioko herriko plazara joaten gara eta inork ez du ezer esaten.
Alejandra: Euskal Encounterra gauez bizitzen da. Egunez jendeak atsedena hartzen du, edo saiatzen da logura gainditzen. Gauez merezi du parte hartzeak.
5 egunak igarotzeko zer da ezinbestekoa? Zuek zer eramaten duzue?
Ander: Ordenagailua. Nik pantaila bi eramaten ditut, bata erraldoia eta bestea normala...
Alejandra: Red Bull (barreak), bestela ezinezkoa da. Eta lagunak, jakina. Bakarrik bazoaz ondo pasatuko duzu, baina onena lagunekin joatea da.