Zertan datza zure lana?
Familiekin lan egiten dut. Gehienbat, niregana jotzen dute bere seme-alabek gehiegizko pisua dutelako, eta ikastetxean jazarpena pairatzen dutelako. Irtenbidea nahi dute eta nik orientazioa eta irizpideak ematen dizkiet.
Zergatik gertatzen dira horrelakoak, oro har?
Aldagai ugari dago. Oso kasu gutxitan jazotzen da arrazoi genetikoen ondorioz; ikerketen arabera,
oso ehuneko urria da. Obesitate kasu gehienetan aldagai asko dago: kulturala, ekonomikoa, hezkuntzari lotutakoa...
Bereziki, aipatu behar da aldaketa sozial oso handiak gertatu direla. Alegia, geroz eta gizarte kontsumistagoa osatzen dugu, eta gero eta gutxiago mugitzen gara. Ondorioz, txarto elikatzen gara; behar baino jaki gehiago hartzen ditugu; eta, gainera, ez dugu behar adina elikagai.
Azkenean, behar dugun baino elikagai gehiago kontsumitzen ditugu; baina ez dira osasuntsuak, azukre, gatz eta koipe gehiegi dutelako; eta ez garenez mugitzen, ez dugu erretzen hartutakoa. Horregatik gaixotzen da gorputza.
Nolakoak dira zure esku hartzeak?
Nik uste dut berriro antolatu behar ditugula elikadura ohiturak eta bizimodua. Ariketa fisikoa oso garrantzitsua da jaiotzen garenetik hil arte.
Hala ere, ariketa fisikoa ez da modu bortitzean egin behar, apurka-apurka txertatu behar da, eta helburu jakinen arabera; antsietatea ez sortzeko familian, zama handia baitugu; krisialdi ekonomikoa, esaterako. Ez da ezer egin behar derrigorturik.
Ikasleen jazarpena aipatu duzu. Zer egin dezakezu zuk kasu horietan?
Nire aburuz, jazarpena ematen denean, arazoa bikoitza da: jazartzen duenarena eta pairatzen duenarena.
Zergatik dute ume batzuek arazoa haien esparrua defendatzeko? Eta alderantziz, zer nolako beharra dauka ume batek beste bati txarto tratatzeko? Arazoak daude bietan, eta oso subjektiboa da.
Hasieran esku hartzea gauzatu daiteke, talde lana bilatu, baina ezinbestekoa da lan terapeutikoa.
Hortaz gain, jarduera publikoak ere eskaintzen dituzu, ezta?
Niretzat garrantzitsua da erakustea osasuna aisialditik ikusi dezakegula, modu kulturalean; familiak disfrutatu eta hausnartu dezan, eta osasunari lotutako edukiak jorratu ditzan.
Horregatik bururatu zitzaidan ikastetxetik kanpo ere lantzea, beste jarduera baten moduan, zerbait astuna izan ez dadin. Horretarako zenbait proposamen prestatu nituen, eta Bilboko Arte Ederretako Museoari eta Itsas Museoari eskaini dizkiet, eta hala gauzatu ditugu. Hilero ematen dut tailerra Itsas Museoan, laugarren igandean.