Euskalgintza Kontseiluarekin adostu du eskualdeko ekimenetan aktiboki parte hartzea eta, horrez gain, 396,92 euroko ekarpena egitea. Adibidez, Belarriprest eta Ahobizi pertsonaien kanpainan lagunduko du erakundeak.
Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen euskara hutseko komunikabideak babestuko ditu udalak eta 1.662,60 euro bideratuko ditu helburu horretara.
Hogeitalau elkartearekin, ordea, akordioa erdietsi du Aiaran euskarazko hainbat ekintza antolatzeko aisialdian, kultura eta kirol esparruetan, besteak beste. Jarduera horiek bermatzeko 4.145,60 euroko diru-laguntza emango dio 2017an. Elkarteak prestatzen dituen jardueren artean daude Igande Arratsaldeak Familian.
Igande Arratsaldeak Familian
Igande Arratsaldeak Familian programa berriro abiatuko dute irailean eta 5 emanaldi egingo dituzte urtea bukatu arte; irailaren 24an Arespalditzan, urriaren 22an Lantenon, azaroaren 19an Menoion eta abenduaren 17an eta 30ean Luiaondon.
Hitzordu bakoitzean eskainiko dituzte ikuskizunak, askaria eta eskulan-tailerra, salbu eta abenduko bi emanaldiak. Izan ere, Gabonetako Tailer Bereziak ez dauka ikuskizunik, eta urteko azken emanaldian, eskulan-tailerraren ordez, Gabonetako postal-komiki-ipuin Lehiaketaren sariak banatuko dituzte.