Egitaraua xumea izango da, printzipioz, biharkoa. 12:00etan meza egongo da Itzalde eta San Inazio abesbatzekin. 14:00etan herri bazkaria egingo dute eta 350 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Sorpresa gehiago egotea espero dute antolatzaileek.
Andoni Armentia 1941. urtean jaio zen Apellanizen eta 1967an heldu zen Zuhatzara. Hasieratik apaiz berezia izan zen: gaztea, musikaria, euskalduna... eta beti laguntzeko prest agertu zen, autoa baitzuen.
1975ean atxilotua eta torturatua
Hainbat apaizek bezala (Xabier Amuriza edo Tasio Erkizia, esaterako), frankismo garaian Armentiak arazoak izan zituen eta 1975. urtean espetxeratu zuten, inguruko beste apaizekin batera. Torturak jasan zituen, sudurra apurtu zioten eta begi bat galtzeko zorian egon zen, besteak beste.
Horrez gain, erlijioa modu pertsonalean landu du: elizan betidanik jarri du ikurrina, eta ekainean ortzadarraren ikurra egon zen, homofobiaren aurka.