Olentzero Solidarioa da beti, beste behin ere ikusteko aukera izan dugu Aiaran. Gabonen aurretik etortzen da azken urteetan eta jada erabiltzen ez ditugun jostailu eta jolasak biltzen ditu beste haur batzuek goza ditzaten. Lagun dituen pertsonaia mitologikoekin, Basajaun, Tartalo, Akerbeltz, galtzagorriak... eta Nikolasa eta Leziagako sorginarekin agertu da, baita Maridomingirekin ere. Arespalditzatik ibilbidea egin ondoren Olentzerok zenbait istorioak kontatu ditu eta jostailuak bildu. Gero txistorra dastatuta basora itzuli da, egunotan lanpetuta ibiltzen da eta. Etxaurren Ikastolako Guraso Elkarteak, Kili Kili elkarteak eta Aiarako Biltokia kultura elkarteak Udalaren laguntzarekin antolatutako ekitaldi honetan aiararrek erakutsitako elkartasuna eskertu nahi dute. Ondo izan, gozatu eta segi Solidarioa izaten, zoriontsu egiten gaitu eta.
Argazkiak: Esteban Hernando
Testua: Nerea Goti