*Barakaldon jaio zen 1988. urtean, baina hiru urte daramatza Zuhatzan bizitzen.
*Betidanik izan du gustuko argazkiak ateratzea eta ikustea. 2011an argazki kameraren erabilera eta alderdi teknikoak bere kabuz ikasten hasi zen. 2015ean erabaki zuen argazkilaritza eskolara joatea. Gaur egun ikasten jarraitzen du eta argazki-erreportaje ikastaroa egiten ari da.
*Web-gunea: www.behance.net/maiedurrutiaparra
Pertsona erretratuak
“Pertsonak erretratatzeko bi modu daude. Batean pertsona modeloa baino ez da eta erretratuak ez du benetako pertsonarekin zerikusia izan behar. Bestean, aldiz, erretrataturiko pertsonaren esentzia antzeman behar da, bera izan behar da, antzeztu gabe.
Pertsonalki bi era horietan erretratatzea gustatzen zait. Erretratu artistikoa edo sortzailea oso dibertigarria da, ez dauka mugarik, nahi duzuna adierazteko balio du. Dokumentalean edota psikologikoan, aldiz, kamera aurrean dagoen pertsona pertsonalitatea “biluztea” lortu behar duzu, bere izaeraren isla erretratatzea, nahiz eta txikiena izan, ez da erreza baina oso polita da, berezia.
Erretratu hau oso gustuko dut, oso ondo pasa genuen saioa egiten eta begiratzen dudan bakoitzean eguzki sarrerak ematen duen argiak eta berak transmititzen duen lasaitasunak uda denaren sentsazioa transmititzen didate”.
Animalia erretratuak
“Animaliak maite ditut, basatiak eta etxekoak. Beraz, asko gustatzen zait haiek erretratatzea. Nire kasuan, txakurrez inguraturik bizi naiz eta saihestezina da ia egunero txakurrei argazkiren bat egitea.
Ez da erreza, baina oso esker onekoa da, joko asko ematen dute, ezusteko eszenak eta momentu dibertigarri pilo eskaintzen baitituzte.
Argazki hau nire txakurrari egindakoa da, asko gustatzen zait nola dagoen eguzkitan leihoan jesarrita, kolorea eta kontrastea. Argazki honek gogorarazten dit edozein egunean eta etxetik irten gabe momentu politak eta interesgarriak erretratatu ahal direla”.
Natura argazkiak
“Asko gustatzen zait natura, luzaroan egon naiteke naturari begira. Formak, koloreak, testurak... sortzen diren atmosferak magikoak dirudite.
Natura aldakorra da, momentu zehatz batean miresten duzun edertasun hori ez da era berdinean inoiz errepikatuko eta magikoa da betirako gorde ahal izatea. Horregatik egiten dizkiot argazkiak naturari, behin eta berriro miretsi ahal izateko jakinda ezin izango dudala berriro berdina ikusi.
Argazki hau Santiago Mendian atera nuen. Lainoa zegoela ikusita ez nuen asko pentsatu eta hara joan nintzen. Lore koloretsuak, zuhaitz hil bat eta laino itxia, nik behintzat ez dut behar gehiagorik naturak eskaintzen diguna miresteko”.
Argazkigintza dokumentala
“Uste dut oso garrantzitsua dela munduan gertatzen diren hainbat istorio eta gertaera interesgarri kontatzea, bai berri emateko, salaketa soziala egiteko edo soilik jendeari jakinarazteko hori existitzen dela.
Baina istorio hauek publikoarentzat erakargarriak izan daitezen argazkiak teknikaren aldetik interesgarriak izan behar dira; perspektiba bereziak, ezberdinak eskaini behar dituzte.
Argazki hau Aiarako zerratoki batean egin nuen erreportajearen zatia da. Pilo bat deitu zidan arreta hainbeste tolesdura egiten zituen zerra luze horrek, ez nuen inoiz imajinatu horrelakoak zirenik momentu hartan ikusi nuen arte.
Zerra luze horrek kurba guzti horiek egiten, beste zerra bat erabiltzeko prest egon beharreko lekuan jarrita eta atzeko aldean zerrategiaren langilea... asko gustatzen zait irudi hau”.