"Zirkulu Artikoko mugagabetasun zuriaren deia barruan gordeta neukan, une egokiaren zain"

Erredakzioa 2018ko urt. 14a, 11:00
Patxi Lasarte. / P.L.

PATXI LASARTE (AIARA, 1965) aiarrarra Laponian egon zen iaz, Suediako Zirkulu Artikoan ibilbidea egiteko. Eskiak, bibakak eta abentura grina baliatuta Sami Herria ikusi zuen eta bizipen horiek guztiak blog batean jasotzen hasi da.

Lehenik eta behin, zertara joan zinen Suediar Laponiara, Zirkulu Artikora?

Beno, berez hara abiatu ginen fondo edo iraupen eskiez baliatzeko ibilbide bat egitera. Badago han oso ezaguna den GR edo trekking bidea; Kungsleden, “Erregeren bidea” deitua. Uda garaian oinez jarraitzen da, baina neguan oso egokia da iraupeneko eskiez egiteko.

 

"Jack Londonen ipuinen erruz, Artikoko mugagabetasun zuriaren deia barruan gordeta neukan"

 

Egia esan, niretzat behintzat, bidaia hori antzinako amets eta irakurketen bila joateko aitzakia ere bazen.

Bidaiek beti ametsetan izaten dute jatorria, eta nerabezaroan irakurritako liburuak ametsak ernetzeko baratzik oparoenak dira. Garai horietan irentsitako Jack Londonen ipuinen erruz, Artikoko mugagabetasun zuriaren deia hor barruan gordeta neukan, aukera egokiaren zain. Eta azkenik, 2016ko neguan lagun talde bat bildu ginen hara joateko asmoz.



Non dago Laponia eta nortzuk dira bere jatorriko herritarrak?

Laponia, Eskandinaviar penintsularen iparraldean zabaltzen da, Finlandia, Norvegia, Suedia eta Errusiako lurraldeetan. Eremu zabala, basatia, ederra eta gogorra da, Artiar zirkulu glaziarraren iparraldean baitago hein handi batean.

 

"Laponiako jatorrizko biztanleek elur-oreinen taldeak ustiatzen irauten dute"

 

Jatorrizko biztanleak, sami herria edo laponiarrak, oraindik hor diraute euren elur-oreinen taldeak hara eta hona mugitzen. Eremu oso zabala izanda, populazioa urria da, baina gaur egun samiak gutxiengoa dira geroztik iritsitako eskandinaviarren aldean.

Duela gutxi arte, bigarren mailako herritar bezala tratatuak izan dira. Gaur egun badirudi egoera aldatzen ari dela beraien alde. Baina bestaldetik, haien lurraldean dauden lehengaiak ustiatzeko, ingurunean eragin handia izan dezaketen egitasmoei aurre egin behar diete, euren bizimodu tradizionala oztopatu dezaketenak. Edozein kasuan, samien egoera ere desberdina da estatu bakoitzaren arabera.



Zeintzuk dira baldintzak bertan?

Laponia Artikoan dago. Neguan leku hotza da, beraz. Gu martxoan egon ginen, eta -17 ºC egon ginen batzuetan, nahiz eta gehienetan 0º eta -5ºC artean egon.

 

"Urtarrilean iaz -30º C-ko tenperaturak izan zituzten astebetez"

 

Dena den, han ere aldaketa klimatikoa nabaritzen ari dira, horrek dakarrenarekin. Negu horretako urtarrilean -30ºC-ko aste bat izan zuten, baina orokorrean batezbesteko tenperaturak etengabe igotzen doaz, eta horrek suposatzen du elurra lehenago desagertzen dela.

Artikoan egonda, negu betean eguna -argi orduak- oso motza da. Horregatik gu udaberriko ekinokzioaren garaian abiatu ginen, eta 12 ordu gau eta 12 ordu egun izan genituen.

Baina hotz hori lehorra da oso, eta ondo hornituta erraz jasaten da. Eta bestalde, hotz eta gogortasun horri zor diogu bertako paisaia izugarria, koniferoz eta urkiz osatutako baso amaigabeak, taiga deituak, eta liken eta sasiez osatutako zelaiak, tundra.

Berez, nahiko inguru lauak dira, baina gure ibilbidea Eskandinaviar Alpeetara hurbiltzen zen, eta tundra eta taigaren atzean mendien erliebe itzelak ageri ziren. Antzinako glaziar erraldoiek zabaldutako bailara jarraitzen zuen gure bideak.



Posible da bizitza arrunta egitea bertan?

Neguan bizitza gogorra da, zalantzarik gabe. Ez da gauza bera egun batzuetarako bertaratzea, edo han negu osoa pasatzea, eta urte guztietan.

 

"Eskandinaviarrek asko maite dute tundra eta taiga"

 

Eguraldia gaiztotzen denean kanpoan egiten diren lan guztiak ezinezko bihurtzen dira. Baina eguraldi egokiarekin, udaberri inguruan behintzat,  bazirudien bertakoek arazorik gabe jarraitzen ziotela bizitzari. Dendak zabalik, zerbitzuak, errepideak eta garraiobideak irekirik, eta abar.

Eskandinaviarrek asko maite dute tundrara eta taigara ateratzea. Elur-motoak hartu eta inguruan dituzten egurrezko bordetara joan ohi dira ehizatzera, arrantza egitera edo kirola egitera besterik gabe.

Samiek, bestalde, elur-orein jasoak dituzte, eta lastoz elikatzen dituzte. Jende guztia herrietan biltzen da. Uda iritsi beharko da berriz abereak askatzeko eta larreetara bidaltzeko transhumantzian. Orduan Salbadako Kobata edo Ponata bezalako saroi batzuetara igoko dira udan abereek bertako likenak bazkatzeko.



Zerk harritu zaitu Artikoan? Eta zer izan da ezustea onerako eta txarrerako?

Zaila da erantzutea. Paisaiaren handitasunak, gizakiak apenas ikutu gabeko naturak, ikusten ez den baina sumatzen den basabizitzak… nire itxaropenak bete eta gainditu dituzte. Eta guzti horri azken bibakean lo zakutik miretsitako aurora boreala gehitzen badiozu, imajina…

Bestalde, kezkatzekoa da lurralde horren aberastasun mineralen inguruan multinazionaletan pizten ari den ase-gabezia. Samien egoera triste samarra iruditu zait. Beldur naiz ikono turistiko eta folkloriko hutsean ez ote diren bihurtuko. Erronka gogorra izango dute euren hizkuntza eta kultura iraun arazteko.

Edonola ere, egia esanda, hauek benetako ezagutzarik gabeko susmoak baino ez dira. Berriz itzuli beharko, gehiago jakiteko.

Laponiara joateko zer da beharrezkoa?

Inguru hotza denez, Pirinioetan eta Alpeetan neguan eramango genukeen ekipamendu berbera. Oinetako beroak, lumazko zamarra, eskularruak… Lo-zakua lumazkoa eta egokia, ordu asko denda barruan pasatzen baitira, gaua luzea delako!

Guk egitera gindoazen ibilbiderako, tresneria berezia eramaten genuen: iraupenerako eskiak eta zapatak, pulka edo lera txiki bat, sokatxoak edo arnesa tiratzeko…  

Garrantzitsua da pala bat eramatea, elurra zapaldu edo mugitzeko, baita piolet txiki bat ere. Eta janaria prestatu nahi izanez gero, gasolinazko labe txikiak, gasezkoak baino askoz hobe dabiltza. Mapa, iparrorratza, GPSa…

Bloga abiatu duzu zure bizipenekin, zer jasoko duzu?

Askotan holako bidaietan unean bertan idazten dudanean, egun bakoitzaren xehetasunak  jasotzen ditut: nondik atera, nora joan, zenbat kilometro aurreratu, zer edo nor ikusi…

 

"Blogean saiatuko naiz azaltzen bidaiak, naturak, ekintzek eta aurkikuntzek komunikatu didatena"

 

Baina denbora pasatzen uzten duzunean, konturatzen zara xehetasun horiek ez dutela horrenbeste garrantzirik, badagoela zerbait sakonagoa bidaiak, naturak, ekintzek eta aurkikuntzek komunikatu dizutena, eta saiatzen zara nolabait bizitakoa destilatzen.

Blogean hori islatzen saiatu naiz, bizi izandakoaren sentsazioak, munduaren edertasunak nigan sortzen duen begirada, harritua eta liluratua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide