Arabako Administrazio Batzarren Elkartearen presidente berria zara, nolakoa izan da hautaketa?
4 urtean behin, Administrazio Batzarren hauteskundeen ostean, hautatu behar da Arabako Kontzejuen Elkarteko presidentea. Azken 20 urteetan pertsona bera egon da, baina apur bat erreta zegoenez, ez zuen jarraitu nahi.
Besterik gabe, gure artean hasi ginen hitz egiten ea zerrenda aurkeztuko genuen. Aiarako Administrazio Batzarren artean hasi ginen hori eztabaidatzen, eta azkenean lagun batek eta biok beste 4 pertsona gehiago bilatu genituen.
Ez genuen askoz gehiago pentsatu. Gure asmoa da jarraikortasuna ematea elkarteari, baina, aldi berean, zerbait aldatzea. Izan ere, uste dugu Gasteiztik urrun dauden kuadrillak apur bat ahaztuta daudela.
Hori izan da gure asmo nagusia, Arabako kontzeju ororen egoera jasotzea.
Guk bakarrik osatu dugu zerrenda. Berez, antza, beste saiakeraren bat egon da, baina ez ditu baldintzak bete.
Nola hartu duzue hautaketa?
Momentuz pozik nago. Aste honetan bilera izango dugu orain arte karguak izan dituztenekin dena eguneratzeko; kontuak, izendapenak, gaiak... Ez nekien hainbesteko oihartzunik izango zuenik honek guztiak eta hedabideekin harreman handia izan dugu.
Edonola ere, orain elkartean lan egiten ari diren pertsonetan oinarrituko gara: arkitektoa, ingeniaria, abokatua eta bi administrariak. Eurekin lan egingo dugu eta behar duten horretarako egongo gara.
Zeintzuk dira zuen helburu nagusiak, zentzu horretan?
Nik hasieratik argi nuen Aiarako kontzejuetako alkateekin soilik ez nuela zerrenda beteko, legeak 4 zerrendakide izatera behartzen baizaitu.
4 kuadrilla ezberdinetako herritarrekin osatu dugu, gure ideia baita ikuspegi orokorra izatea. Egia esanda, gogoko izango genukeen 7 kuadrilletako ordezkariak izatea jakintza globalagoa izateko, baina estatutuen arabera 4 kargu besterik ez daude.
Araba oso lurralde anitza da. Aiaran arazo batzuk ditugu, Arabar Errioxan bestelakoak dituzten bitartean.
Xedea da behar horiek guztiak biltzea eta elkarteak dituen baliabideekin asetzen saiatzea.
Zeintzuk dira zure lankideak ardura horietan?
Presidenteordea Laura Plaza da. Rivabellosakoa da, 23 urte ditu eta erizaintza ikasketak egiten ari da. Rivabellosak 1.000 biztanle ditu, Arespalditzaren bikoitza, alegia.
Lukas Mugika Onraitakoa da, Mendialdeakoa. Abeltzaina eta nekazaria da. Lehen sektorea ordezkatzen du eta ondo ezagutzen ditu alor horretan dauden arazoak.
"Saiatu gara zerrenda modu orekatuan osatzen: emakumezkoak, gizonezkoak, adin ezberdinak..."
Elvira Resano Lautadakoa da. Zientzia Politikoetan lizentziatu zen eta landa eremuko adinduen zaintzaileen trebatzailea da. Horrez gain, emakumeen protagonismoa sustatzen du landa eremuan.
Bistako denez, saiakera egin dugu zerrendako ezaugarriak orekatzeko: bi emakumezko eta bi gizonezko, gazteak eta beteranoagoak...
Beste kideak aurkeztu dituzu, baina nola egingo zenuke zure buruaren aurkezpena?
Tubacexen lan egiten dut eta nire gurasoek baserria daukate. Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioa ikasi dut eta Masterra daukat Ogasunean.
Oso pertsona aktiboa naiz udalerrian eta ekimen guztietan egoten naiz: duatloian, txirrindularitza lasterketan...
Nik ez nuen nire burua proposatu kontzejuko presidente izateko, baina zerrenda irekiak erabiltzen direnez, herrikoek hautatu ninduten. Ia bozkatzaileen %80ak egin zuen nire alde.
Zuk ez zenuen hautatu, jendeak zu baizik. Nolakoa da erakundeetan aritzea?
Hasieran agobiatu nintzen, nahikoa daukat lanarekin eta gainerako ardurekin. Baina gero buru-belarri sartu naiz eta gogoko izan dut. Arespalditza une honetan nahiko egoera onean dago eta administrazio batzarra oso ondo osatu da.
"Kontzejuko kideak konfiantzazkoak dira"
Bigarren hautatua konfiantzazko pertsona da eta beste bi kideengan konfiantza daukat ere. Horrela askoz errazagoa da lan egitea.
100 egun betetzear nago karguan. Esaten dute lehen 100 egun horietan egin daitekeela balorazioa eta nirea positiboa da.
Arespalditzan zein da erronka urte hauetarako?
Ez dugu bat zehatza. Saiatu behar gara uraren arazoa konpontzen. Arespalditzak arazo larria dauka esparru horretan, saneamenduan, hain zuzen. Epe motzera landu behar dugu, Markixanako araztegia eraikitzeko urratsak ematen ari dira eta.
"Uraren saneamenduak baldintzatzen du udalerriaren garapena"
Horrek asko baldintzatzen du herriaren garapena. Promotoreren batek etxebizitza berriak egin nahi baditu, adibidez, saneamendu-falta oztopoa da. Hori da gaur egun udalerriak duen arazo handiena.
Denbora asko kenduko dizu Arabako Kontzejuen Elkartearen presidentea izateak?
Ez dakit zehazki. Orain bilerak egiten ditugu elkartea ezagutzeko. Aintzat hartu behar da langileak ditugula eta derrigorrez zenbait lan gauzatu behar direla. Bi emakumek lan egin dute 20 urtez bertan eta, nolabait, eurek kudeatzen dituzte eguneroko ardurak.
"Zenbait gatazka ditugu mahai gainean, Abiadura Handiko Trena, adibidez"
Zenbait gatazka mahai gainean daude jadanik, Abiadura Handiko Trena, esaterako. Horrek lan ugari emango digu, hiru kuadrillak kaltetzen baititu. Proiektu hauek badakigu nolakoak diren; herri handia izanez gero, entzuten zaituzte, baina txikia bazara, moldatu beharra daukazu. Gure elkartean ikuspegi zabala erabili nahi dugu indarrak batzeko.
Horrez gain, hitzarmena sinatzear dago Arabako Foru Aldundiarekin. Momentuz, izandako bilera gehienak hedabideekin izan dira (barreak).
Ez kargu batek zein besteak ez dizute etekin ekonomikorik emango. Zergatik onartu duzu bietan aritzea?
Azken finean, konfiantzazko jendearekin lan egiten baduzu eta dauden arazoak konpontzen badituzu, ez da oztopoa etekin ekonomikorik ez eskuratzea. Nik 36 urte ditut eta betidanik Arespalditzakotzat jo dut nire burua. Hortaz, balioa dauka herria hobetzteko egindakoak.