Parte hartzaileak gozarazteko prest da Aiarako Mendi Duatloia

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko api. 23a, 07:00
Ehun parte-hartzaile baino gehiago egon dira aurreko edizioetan. / Aiaraldea.eus

Apirilaren 28an egingo dute Aiarako Mendi Duatloiaren 3. edizioa. Aiarako jaien egitarauaren baitan, gozatzeko oso egokia den ibilbidea prestatu dute antolatzaileek.

4,7 kilometro korrika, 17 kilometro bizikletaz eta, azkenik, beste 2 kilometro arineketan berriz helmugara heldu arte. Hori izango da apirilaren 28an egingo den Aiara Mendi Duatloiko banaketa. Norgehiagokak bere hirugarren edizioa gauzatuko du aurten. Iosu Isasi antolakuntzako kidearen hitzetan; "lasterketa erakargarri eta atsegina da, urtez urte gehiago errotzen doana".

Iñaki Isasi txirrindulari profesionalaren lagunek sortutako babes taldeak hiru urte daramatza duatloia antolatzen. "Asko gustatzen zaigun modalitatea da mendi-duatloia, horregatik erabaki genuen Aiarako lasterketa antolatzea", azaldu dute. Aurreko edizioetan 100 lagun inguruk parte hartu zuen, aurten marka hori gainditzea gustatuko litzaieke antolatzaileei.

Hiru modalitate egongo dira, "hainbat belaunaldiren parte hartzea bultzatzeko". Lasterketa nagusia 16:45ean abiatuko da Arespalditzatik, baina aurretik gaztetxoenen txanda izango da. 16:00etan duatloi txikia abiatuko da, 2008-2011 urteetan jaiotakoak lehenengo eta 2005-2007 urteetan jaiotakoak ostean. "Iaz 80 ume baino gehiagok parte hartu zuten, irudia oso polita izan zen", azaldu du Isasik, "aurten kartela atera dugu txikienak are gehiago animatu daitezen".

Duatloi handia 16:45ean abiatuko da Arespalditzatik. Banaka edo erreleboka egiteko aukera egongo da. Ibilbidea "disfrutatzeko diseinatuta" dagoela azaldu dute, "ez dugu lehia sustatu nahi, guretzako ondo pasatzea da garrantzitsuena". Iazko ibilbidearen oso zirkuitu antzekoa izango da aurtengoa. "Aurreko asteetan egindako euria dela medio aldaketatxo batzuk egin ditugu", aurreratu dute antolatzaileek, baina nabarmendu dute "gozatzeko primerakoa" izango dela ibilbidea. "Aurreko bi edizioetan eguraldi txarra izan da nagusi, espero dugu aurten eguraldia gure alde jartzea".

Kirola eta jai-giroa uztartuz
Aiarako Mendi Duatloia Arespalditzan zentratzen diren Aiarako Jaien egitarauaren parte da. Hala dio Iosu Isasik: "Aiarako jaiei ekarpena egin nahi diegu duatloiarekin, asko gustatzen zaigu herrian gauzak egiten direla ikusteak". Antolakuntzatik parte-hartzaileak Aiarako jaietara gonbidatu dituzte, "duatloia 16:00etatik 19:00etara luzatuko da eta ostean egitarau oparoa egongo da herrian".

Kolore laranja nagusi
Parte hartzaile guztiei, besteak beste, bizikletarako botilatxoa eta kirol poltsa bat banatuko zaie opari gisa. Aurten, kolore laranja aukeratu dute poltsarako. Antolatzaileen lagun den Mikel Landa eta Euskadi Fundazioak aurrera ateratako proiektua babestu nahi dute horrela: "urteak daramatzagu Iñaki Isasi babesten bizikleta frogetan, Mikel Landaren oso lagunak gara eta laranja beti izan da gure kolorea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide