Zertara joan zara Holandara?
Amurrion ikasten ari naizen goi mailako graduaren praktikak egitera etorri naiz Eindhoven hiriko enpresa batera. Arlo akademikotik harago, ezagutzen ez dudan herrialde batean hiru hilabetez egotea, nire kabuz bizitzea, aukera paregabea iruditzen zait eta hori bizitzeko aukera ere aprobetxatu nahi nuen praktikak Holandan eginez.
Zergatik erabaki zenuen Holandara joatea?
Genituen aukeren artean ez zen gehien erakartzen ninduena, egia esan. Baziren enpresa-praktikak egiteko herrialde interesgarriagoak. Nik Bulgariara joateko gogoa neukan baina ez zen posible izan. Hona etorri aurretik oso iritzi onak jaso nituen herrialdeari buruz, baita praktikak egiten nabilen enpresari buruz ere. Herrialde garestia da. Ondo legoke zertxobait merkeagoa izango balitz, baina ezin da dena eskatu. Egun libreak ditugunean inguruko hiriak bisitatzen ditugu, Amsterdam kasu. Beste herrialde batera mugitzea ere oso erraza da.
Zer egiten duzu zehazki enpresa-praktiketan?
Enpresan 3D inprimagailuekin egiten dugu lan, hainbat materialetan inprimatzen dugu. Oso lan librea eta moldagarria da, egunero egin beharreko lanen zerrenda bat daukagu eta norberak erabakitzen du zer egin.
Aldea nabaritu duzu Holandako eta Euskal Herriko lan munduaren artean?
Orokorrean ez dakit erantzuten, baina nik lan egiten dudan enpresan zehazki, sekulako aldea dago. Lan egiteko erritmoa oso erlaxatua da, presiorik gabekoa. Nahi duzun momentuan har dezakezu deskantsu bat eta inork ez dizu ezer esango. Bestalde, jendeak lanarekiko beste pertzepzio bat duela uste dut, arraroa da pertsona bat bizitza osorako lantegi berean geratzea.
Badago zurekin Euskal Herriko beste gazterik?
Ni nagoen enpresan euskaldun ugari daude, Euskal Herritik jende asko etortzen baita Holandara enpresa-praktikak egitera. Nirekin batera Aiaraldeko beste lagun bat etorri da, bera ere Eindhovenen dago. Oso lagungarria da zure egoera berdinean dagoen jendea ondoan izatea. Aurretik zeuden euskaldunek asko lagundu gaituzte ingurua ezagutu eta ohitzeko prozesuan.
Nolakoa da eguneroko bizitza Eindhovenen?
Enpresa-praktikekin denbora libre gutxi daukat egia esan, egunaren zatirik handiena lanean ematen dut.
Behin lanetik aterata, etxeko lanek -otorduak prestatu, arropa eta etxea garbitu, erosketak egin…- niretzako denbora gutxi uzten didate.
Baina hori bizitzera ere etorri nintzen. Hau da, bakarrik bizitzeak eta bakarrik egoteak ematen didan askatasun ikaragarriak nahi dudan moduan antolatzeko aukera ematen dit, onerako eta txarrerako.
Aiaraldearekin alderatuta, oso desberdina da Holanda?
Otorduetako orduak zeharo ezberdinak dira hemen, askoz lehenago bazkaldu eta afaltzen dute. Elikatzeko modua ere oso desberdina dela esango nuke ere, orokorrean jendea Euskal Herrian baino okerrago elikatzen dela uste dut.