“Hiltegi” operazioa burutu zuen atzo Ertzaintzak Aiaran. Antza, gehienak Soxon atxilotu zituzten. Legez kanpoko hiltegi bat itxi eta zazpi pertsona atxilotu zituzten. Poliziaren arabera, abereak osasun eta administrazio kontrolik gabe hiltzen zituzten bertan.
Zazpi atxilotuetako bosti leporatu diete “talde kriminala” eratzea, hainbat delitu egotzita: animalien aurkako tratu txarrak gauzatzea eta osasun publikoaren zein ingurunearen aurka aritzea.
Hiltegiko haragia Gasteiz eta Bilboko norbanakoen eskuetan amaitzen zuen gehienetan, baina “zati handi bat” tabernei eta elikagai saltokiei saltzen zieten. Burgos iparraldean zegoen amildegi batera eramaten zituzten animalien hondakinak, “inolako osasun eta segurtasun neurririk gabe”.
Denak aske, epaiketaren zain
Atxilotuek 32-59 urte bitarteko adina dute. Amurrioko epaitegiaren esku utzi dituzte. Guztiak aske daude dagoeneko eta baldintzapeko neurriak ezarri dizkiete hiruri.
Atxilotutako hiruk aurrekariak dituzte: lehenak 43 urte ditu eta genero indarkeriagatik, urruntze agindua hausteagatik eta lapurtzeagatik kondenatua izan da. Bigarrenak 48 urte ditu eta mehatxuengatik, genero indarkeriagatik eta animalien aurkako tratu txarrengatik epaitua izan da aurretik. Hirugarrenak 59 urte ditu eta mehatxuak, erasoak eta kalteak gauzatzeagatik ditu aurrekariak.
Poliziak adierazi du Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako abeltzaintza zerbitzuen laguntza izan duela operazioa gauzatzeko. Iaz abiatu zuten ikerketa. Poliziaren arabera, desegindako taldeak bost urte zeramatzan lanean.
Bizkaia eta Kantabriako abeltzainek eramaten zituzten abereak bertara. “Legezko merkatuan irteerarik ez zuten animaliak ziren, eta merkatu beltzean mugitzen zituzten”, adierazi du Ertzaintzak. Poliziaren aburuz, astero bi behi eta 25 ardi hiltzen zituzten. Ikerketak irekita jarraitzen du.