Australian zaude. Non zehazki?
Australiako ekialdera etorri naiz, Brisbane hirira.
Zertara joan zara Australiara? Ze asmorekin?
Karrera bukatu berritan nengoen eta beti izan dudanez atzerrira joateko gogoa momentu ona iruditu zitzaidan etortzeko. Nire asmo nagusia beste jendarte bat ezagutzea zen, munduko beste leku batean bizitzea. Ingeles maila hobetu eta hainbat lekutako jendea ezagutzeko aukera polita iruditzen zitzaidan.
Nolakoa da zure egunerokoa bertan?
Oraintxe bertan zerbitzari gisa nabil jatetxe batetan, bost edo sei egunez astean. Bertan lanean ez nagoenean janaria banatzen dut motor batekin. Astelehenetik ostiralera ingeles klaseak jasotzen ditut eta denbora libre apur bat dudanean eskalatzera joaten naiz.
Egia esan denbora libre askorik ez dut, Australia oso garestia da eta biziraun nahi baduzu lan egitea besterik ez dago!
Badago beste euskaldunik zurekin bertan? Nolakoa da harremana bertako herritarrekin?
Brisbanen Lorea Garcia bizi da, Amurrioko neska bat. Bere etxean bizitzen pasa nituen lehenengo bi asteak. Lekeitioko mutil bat ezagutu dut, baina Gold Coasten bizi da, Brisbanetik ordubetera.
Hemengo jendea nahiko atsegina da eta normalean beti daude laguntzeko prest, baina ingelesez oso arin eta hitzak laburtuz egiten dute berba eta batzuetan konplikatua izaten da ulertzea...
"Australiaz gehien gustatu zaidana kultur-aniztasuna da"
Zer gustatu zaizu Australiaz gehien?
Australiaz gehien gustatu zaidana kultur-aniztasuna da, ez dakit beste hirietan zelan izango den baina Brisbanen behintzat mundu osoko jendea eta kultura ezberdin asko ezagutzeko aukera dago.
Eta gutxien?
Gutxien gustatu zaidana gizartea oso kontsumista dela eta lana oso prekarizatua dagoela. Argi dago atzerritarrek baldintza txarrenak izaten dituztela normalean. Baina, kasu honetan, bai Australiarrek bai atzerritarrok ditugu lan baldintza prekarioak.
Eskalatzaile amorratua zara, Non eskalatzen duzu?
Denbora librea dudanean eskalatzen dudala esan dut baina orain arte lana topatzen ibili naiz eta 3 hilabete igaro ditut eskalatu gabe... Behin Brisbanen bertan dagoen Kangaroo Point-en eskalatu nuen baina arroka ez da oso ona eta dauden bideak hasiberrientzat dira gehienbat. Aste honetan rokodromo batean eman dut izena eta hor nabil, ahal dudanean joaten.
Zer aukera ditu eskaladak Australian?
Aukera asko daude: Grampians, Blue Mountains, Castle Hill... Baina bidaiatzeko dirua behar da eta oraintxe bertan hori ez da soberan dudan gauza bat -barreak-.
Ezberdintasunik igarri duzu Euskal Herriko eta Australiako eskalada munduen artean?
Ez dut harreman askorik izan eskalada munduarekin duela gutxi arte. Baina ikusi dudana nahiko antzekoa da, eskalatzaileon artean oso giro ona dago beti.