Aiara Txirrindula Elkartearen denboraldiak aurrera jarraitzen du. Iragan asteburuan bi frogatan parte hartu zuten txirrindularitza taldeko kadeteek, Ordizian eta Busturialdean.
Ordiziako norgehiagoka mendi-bizikleta lasterketa izan zen, eta Euskadiko Openaren barruko froga puntuagarria izan zen. Mikel Berazak inongo zailtasunik gabe irabazi zuen lasterketa, kirol erakustaldi aparta eskaini ostean.
Igandean Busturiko Txirrindula Elkarteak antolatutako Busturiko Udala Sarian aritu ziren talde aiararreko kideak. Asier Castillak, duela gutxi Arabako txapeldun izendatuak, hirugarren postua lortu zuen ihesaldian sartu eta esprintean podiumean egoteko lehiatu ostean.