Errepideko txirrindulak ez du atsedenik hartzen udan. Aiara Txirrindula Elkarteko kirolari gazteak Etxebarriko lasterketan izan ziren igandean. Frogak Ondarroa, Lekeitio, Aulesti eta Markina herriak zeharkatu zituen.
Ondo moldatu ziren lasterkari aiararrak. Helmuga aurreko azken portuko gainera Aiara Txirrindula Elkarteko 2 kide heldu ziren ihesean zihoan taldetxoan. Etxebarrirainoko jaitsiera luzeegi egin zitzaien eskualdeko kirolariei, ordea; eta atzetik zetorren taldeak ihesean zeudenak harrapatu zituen. Azkenean 18 gaztek ekin zioten batera helmugarako azken kilometroei.
Esprintean ebatzi zen lasterketako podiuma, eta Aiara Txirrindula Elkarteko lau kidek lortu zuten norgehiagoka horretan sartzea. Mikel Beraza aiararrak podiumeko bigarren postura igotzea lortu zuen.