Uztaila amaieran eta abuztu hasieran arkeologo talde bat Babio mendian aritu zen, bertako herrixka gotortua industen. Printzipioz, K. a. IX. mendekoa da aztarnategia, baina udakoa izan da bertan egindako lehen lan zientifikoa.
M. J. Yarrituk, J. Gorrotxategik eta J. L. Martinezek topatu zuten 1981ean aurkikuntza, eta Felix Murgak eman zuen horren berri hurrengo urtean. Ezaugarriei dagokienez, defentsa sistemak 10 hektarea ditu eta bi hesiz osaturik dago; batek 560 metroko luzera du eta besteak 234 metro.
Babesik ez
Urte luze horietan inork ez duenez lekua aztertu, babes ofizialik ez du eskuratu egitasmoak. Ondorioz, kalte ugari eragin dituzte. Esaterako, hesien artean ibilgailuen sarrerak egin dituzte.
Txikizioak aurrera egin ez dezan, Aztarna elkartea hasi zen indusketa proiektua sustatzen, eta Jon Obaldia Aranzadi zientzia elkarteko kideak hartu zuen bere gain Erronka. Azkenean, elkarteko 3 adituk eta 6 ikaslek gauzatu dute egitasmoa.
Aiarako Udalak eta Izoriako administrazio batzarrak ordaindu dituzte lanak. Horien xedeak izan dira ondarearen egoera ebaluatzea, kalteak neurtzea, bertako aztarnategiaren berri ematea eta babes ofiziala eskuratzea.
Lanak
Boluntarioek 8 lagin hartu zituzten eta hesi bat garbitzeari ekin zioten. Uztailaren 29an hasi ziren eta abuztuaren 4an bukatu zuten. Orain Jon Obaldia aztertzen ari da jasotakoa eta ondorioak publiko egingo ditu ahal bezain laster.
Hitzaldiak
Proiektuaren helburuetako da herritarrek ezagutu dezaten Babion dagoen ondarea, babestu dezaten. Horretarako, lehen urratsa indusketetan egin zuten. Uztailaren 31n bisita gidatuak eskaini zituen eta arrakasta handia lortu ere. Guztira, 70 lagunek parte hartu zuten.
Ikasturte berriarekin gutxienez bi hitzaldi emango dituzte, Izoriako Txokoan eta Aiarako Udaletxean, hain zuzen.
Kanpaina berria
Egindakoa garrantzitsua bada ere, aintzat hartuta 30 urte baino gehiagotan inork ez diola erreparatu aztarnategiari, Jon Obaldiak aurreratu du finantzazioa egonez gero, ekingo diotela indusketa kanpaina berria antolatzeari.