2018ko ekitaldiari 2.228.193,63 euroko aurrekontuarekin aurre egingo dio Aiarako Udalak. Diru kopuru horrekin, ohiko gastuak kitatu ez ezik, zenbait inbertsio egiteko aukera ere izango dute.
Esaterako, igerileku publikoen zonalde bat estaliko dute behin betiko eta Padura kirol pistan hobekuntzak egingo dituzte. Azken lan horiek 35.000 euro balioko dute eta Arabako Obra Txikien Foru Planak hartuko ditu bere gain.
Horrez gain, informazio panelak jarriko dituzte udalerrian interesgune turistikoak sustatzeko, ondare historikoa eta kulturala baliatu nahi baitute. Halaber, ibilbide osasuntsuen sarea osatuko du udalak, herritarrek paseatzeko ohitura har dezaten.
Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra
72.679 euro bideratuko ditu tokiko erakundeak HAPOren erredakzioarekin jarraitzeko. Izan ere, aurten gauzatu nahi dute hasierako onarpena.
Gaztelekua
2018an ere Gaztelekua abiatu nahi dute eta horretarako 10.000€ erabiliko dituzte. Kulturako Sailean 41.000 eurora igo dute inbertsioa tailerrak eta ikastaroak eskaintzeko. Berdintasun Saileko bitartekoak ere handitu dituzte.
Zenbait esparrutan gastua mantendu edota indartuko dute. Esaterako, Administrazio Batzarren finantzazioak berdin jarraituko du. Euskaran eta Ongizate Gizarteko Sailean sendotuko dituzte jarduerak. Berez, azken horretan gizarte langilearen eta laguntzailearen lanaldiei eutsiko diete, nagusien beharrak asetzeko asmoz.