Atzo epaitu zituzten Gasteizen Aiarako bi gazte sexu-abusuak egitea eta bortxa erabiltzea leporatuta. 2017ko ekainean gertatu zen erasoa. Adinez nagusiko bi gaztek 15 urteko neska bati proposatu zioten egurra jasotzera joatea, eta aitzakia hori baliatu ostean, alkohola edatera behartu eta gero, bietako batek erasotu zuen.
Arabako Probintzia-Auzitegian landu zituzten gertakariak atzo eta fiskalak eta defentsak akordioa lortu zuten. Berez, neska erasotuaren abokatuak onartu zuen akusatu nagusiari 2 urteko kartzela zigorra, 6.000 euroko isuna eta biktimara hurbiltzeko eta berarekin komunikatzeko 5 urteko debekua ezartzea.
Aintzat hartu beharra dago gazte hori kartzelan zegoela 2017ko ekainetik eta medikuek ziurtatu dutela buru gaixotasuna duela. Horregatik, presondegira ez itzultzeko, tratamendu psikiatrikoa jarraitu beharko du. Hasierako eskaera fiskala 9 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra zen.
Gainera, hurrengo 5 urteak zaintzapeko askatasunean egongo da zigortua eta baldintzaren bat errespetatuko ez balu berriz espetxeratu ahalko lukete.
Bortxa erabiltzea
Gazte hori ez ezik, beste bat ere zigortu zuten atzo 15 urteko neska behartzeagatik alkohola edatera. Akusazioak eta bere abokatuak adostu zuten 1.080 euroko isuna ordaintzea eta 2 urtez debekatua izatea nerabera hurbiltzea edo berarekin harremanetan jartzea.