Bilera ireki batera deitu ditu udalak DBH 1. mailatik gora dauden Aiarako gazteak. Udalerriko Gaztelekuaren nolakotasunei buruz hitz egitea izango da zitaren helburua. “I. Sormenezko askari handia” izena jarri diote ekimenari, eta “era dibertigarri batean eta denon artean gaztelekua diseinatzea” izango da egitasmoaren helburua. “Gaztelekua nolakoa izatea gustatuko litzaigukeen, zer nolako ekintzak eskaini beharko liratekeen eta beste hainbat gauzei buruz” hitz egingo da bertan, tokiko erakundeak azaldu duenez.
Datorren urriaren 7an izango da zita, 17:00etan Luiaondoko osasun zentro zaharrean, bertan atondu baitute Aiarako gazteentzako espazioa izango dena.
Whatsapp bidez parte hartzeko aukera
Egun horretan bertaratu ezin duten gazteek ere aukera izango dute euren iritzia plazaratzeko. Horretarako whatsapp mezu bat bidali beharko dute 688867241 zenbakira, modu horretan gaiari buruzko galdetegi bat jasotzeko.