Haurrentzako postal, komiki eta ipuin lehiaketak antolatu dituzte, Gabonei begira

Erredakzioa 2018ko aza. 6a, 11:28
Eskuz eginak izan beharko dira lan guztiak. / Aiaraldea.eus

“Olentzero eta otordu tipikoak” izan beharko dute hizpide aurkezten diren lanek.

Haurrentzako Gabonetako lehiaketa antolatu du Aiarako Udalak. Udalerrian erroldatuak dauden edo bertako eskolan ikasten duten 6-12 urte bitarteko ume guztiek parte hartu ahal izango dute egitasmoan, hiru kategorietan banatuta.

Lehen kategoria 6-8 urte bitartekoei zuzendua egongo da (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak). Gabonetako postala egin beharko dute modalitate honetako parte hartzaileek. Postalak euskaraz idatzitako lau lerro izan beharko ditu gutxienez.

Bigarren kategoria 8-10 urte bitartekoena izango da (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak). Komiki bat aurkeztu beharko dute, orri batekoa gutxienez eta bikoa gehienez.

Hirugarren kategoria 10-12 urte bitarteko haurrena izango da (5. eta 6. mailak). Ipuin bat osatu beharko dute, gutxienez orri bateko luzera eta gehienez orri eta erdikoa izango duena.

Hiru kategorietan honako gai hau jorratu beharko dute lanek: “Olentzero eta otordu tipikoak”. Ipuin, komiki eta postalak eskuz eginda aurkeztu beharko dira udaletxean edo Etxaurren Ikastolan. Abenduaren 5a izango da horretarako azken eguna.

Bi gutun-azal aurkeztu beharko dira. Batean lana joango da, egilearen inolako aipamenik gabe. Bigarrenean, aldiz, egilearen datu pertsonalak sartu beharko dira.

Bi sari kategoria bakoitzeko
Hogeitalau Elkarteak hautatuko du epaimahaia. Bi sari egongo dira kategoria bakoitzeko. Antolatzaileek aurreratu dutenez, sari guztiak opariak izango dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide