Indarkeria matxistaren aurkako bideoa osatuko dute “Aske maite, aske bizi” abestiarekin

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 9a, 08:00

Aiarako Emakumeen Gelan grabatuko dute bideoa. / Aiaraldea.eus

Hainbat ekimen egingo dituzte Aiaran Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Berdintasun Topaketak egingo dituzte azaroaren 17an, egitarau oparoarekin.

Bideo bat egingo dute igandean Aiarako Emakumeen Gelan,  Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. 12:00etan hasiko dute grabaketa, Gatibu taldearen “Aske maite, aske bizi” abestiaren erritmora. Udalerriko elkarte eta norbanako orori luzatu diote bertan parte hartzeko gonbita.

Azaroaren 25ean proiektatuko dute eginiko lana, ordu eta toki berean. Ondoren elkarretaratzea egongo da Ferialean, eta Luiaondora joko dute gero, auto-ilaran. 13.10ak aldera egingo dute bertan kontzentrazioa, eta txori moreak eta kartelak jarriko dituzte indarkeria matxista salatzeko, “Ez da ez” leloarekin.

Berdintasun topaketak azaroaren 17an
Horrez gain, Berdintasun Topaketak egingo dituzte datorren azaroaren 17an -larunbata-, Arespalditzan. Egitarau oparoa prestatu dute: Josebe Iturriozen hitzaldia, Artziniegako Hiriska emakume taldearen antzezlana, “world kafea”, Virginia Imazen “klownklusioak”, bazkaria eta karaoke feminista egongo dira.

Topaketan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea cayala.miren@ayto.araba.eus helbidera mezu bat bidalita edo 686587889 telefonora deituta. Haurtzaindegi eta garraio zerbitzua eskainiko dituzte, hiru egun lehenago abisatuz gero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide