Amurrioko Udal Gobernu Taldeak urteko 6.000 euroko hitzarmena eskaini dio Bañuetako auzo elkarteari lokala alokatu dezan eta jaiak antolatu ditzan.
Akordioa, edonola ere, hautsak harrotu ditu eta Orain Amurrio, Amurrio Guk Bai, EH Bildu eta PP oposizioko taldeek ohar bateratua zabaldu dute.
Alderdi horiek guztiek salatu dute Bañuetako auzo elkarteak deitu zituela bilera izateko. Hitzordu horretan bizilagunek azaldu zizkieten garatzen ari diren parte hartzerako proiektuak, eta jaien nondik norakoak.
Horrez gain, adierazi zuten udalari eskatu ziotela Gazteleku ohiaren lokala euren bilerak eta bestelako jarduerak egiteko.
Hori dela eta, aipatutako oposizioko taldeek mozioa prestatu zuten gaur bertan auzo elkartearen aldarrikapenak babesteko, baina, antza, Bañuetako auzokideek atzo deitu zieten eskatzeko testua bertan behera uzteko.
Berez, elkarteak argudiatu zuen EAJk jakinarazi ziela auzokideei ez zietela Gaztelekua lagako, nahiz eta udalbatzako gehiengoak horren alde egin. Horren ordez, udal gobernu taldeak eskaini die 6.000 euroko urteko hitzarmena sinatzea, jaiak antolatu ditzaten eta egoitza alokatzeko.
Oposizioaren ustez, azken uneko eskaintza hori egin du EAJk udal osoko bilkuran eztabaida ekiditeko. Horregatik, euren aburuz, gobernuan aritzen ez diren alderdien babesagatik eta auzo elkartearen lanagatik ez balitz, ez legoke akordiorik.
Aldi berean, Orain Amurriok, Amurrio Guk Baik, EH Bilduk eta PPk gardentasun falta leporatu diote EAJri.
Udal-gobernuaren erantzuna
Bere aldetik, Josune Irabien alkateak azaldu du Gaztelekua berriro abian jartzeko esleipena prestatzen ari direla eta horregatik ezinezkoa dela beste erabilera batzuetara bideratzea lokala.
Gainera, alkateak aipatu du Bañuetan dauden bestelako azpiegitura publikoak ezin dituztela behin betiko laga -kiroldegia eta igerilekuak-, baina ekintza jakinetarako baliatu ditzakeela elkarteak.
Bukatzeko, Irabienek argudiatu du atzo elkartu zirela Bañuetako auzo elkarteko ordezkariekin ohiko auzo batzarra egin behar zutelako. Antza, gai arruntak ez ezik, egoitza eskaera ere landu zuten eta, ikusita lokal pribatu bat alokatzeko prest zeudela, udalak proposatu zien hitzarmena sinatzea.