“Beti izan dut nire familian haur lapurtu bat zegoenaren susmoa, horregatik egin dut erakusketa”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 30a, 17:30

Anabel Perez de Aguado Resa, atzean erakusketaren zati bat duela.

ANABEL PEREZ DE AGUADO RESAk (Areta, 1961) haur lapurtuei buruzko erakusketa inauguratuko du bihar -abenduak 1-, 12:00etan Zuhatzan.

Erakusketa bat inauguratuko duzu bihar Zuhatzan. Lapurtutako umeei buruzkoa izango da, ezta?

Bai, baina nik ez dut lapurtutako umeengan arreta jarri nahi, lapurrengan baizik. Horregatik jarri diot erakusketari Umeak lapurtzen izenburua. Bat-batean sortu zitzaidan ideia, bururatzen zaidan ia edozer gauza bezala. Baserri batean bizi naiz, Zuhatzan. Horrek askatasun handia ematen dit nahi dudana inprobisatzeko, Kultur Etxea bezalako espazio baten beharrik gabe.

Laudioko Keska tabernan antolatu izan ditut erakusketak. Urte asko daramatza taberna horrek espazio kultural gisa funtzionatzen. Hamar urte daramatzat barraren gainean dagoen espazioan instalazio artistikoak atontzen, eta erakusketak zein zinema proiekzioak ere egiten dituzte.

Erakusketa baserrian egongo da ikusgai, beraz?

Bai, kalera begira dagoen espazio batean jarriko dut, eguneko 24 ordutan zabalik egongo dena. Ibagueneko jaitsieran dago baserria, errepidearen alboan, elizara iritsi baino lehen. Ni bertan egongo naiz egunero, 16:00etatik 17:00etara, erakusketa ikusi nahi duen orori bisita gidatua egiteko prest.

Zer topatuko du erakusketara gerturatzen dena?

Esposizioak hiru  zati izango ditu. Lehenak jorratuko du ospitalera haurdun iristen ziren eta etxera ume gabe itzultzen ziren emakumeen afera. Bigarren piezaren ardatza, aldiz, desagertutako umeen afera izango da. Botere zapaltzaile batek egiten zuen hori. Haurra hilda zegoela esaten zieten amei, baina ez zieten gorpua erakusten. Ospitaletik joaten ziren emakumeak, jasotako arretagatik eskerrak emanez gainera.

Hirugarren pieza amek umeei egindako agurrari buruzkoa izango da. Zapata kutxez osatua egongo da, hori baitzen amei erakusten zitenena. Kutxaren barruan jaioberriaren gorpua zegoela sinestarazten zieten. Ama batzuek aukera zeukaten umeen hilobietara loreak eramateko. Beste batzuek, aldiz, ez, haurrak hobi komunetan lurperatzen zituztelako.

Hori da kontatu nahi dudan istorioa. Uste dut hemen ez dela gaia asko jorratu. Hamar urte daramatzagu gaiaren inguruan hitz egiten eta instituzioek oraindik ez dute banku datu bat atondu, zeinetan familiek eta senideen bila ari diren norbanakoek euren datuak utzi ahalko lituzketen. Erraztasunak egon beharko lirateke baita ere DNA probak egiteko.


“Afera honek badu faktore bat bereziki larria dela: gertakariak duela oso gutxi gertatu direla eta inplikatuta ia pertsona guztiak bizirik daudela oraindik, biktimak zein errudunak”



Afera honek badu faktore bat bereziki larria dela: gertakariak duela oso gutxi gertatu direla eta inplikatuta ia pertsona guztiak bizirik daudela oraindik, biktimak zein errudunak. Klase borroka moduko bat izan da, zeinetan pertsona garrantzitsu asko egongo diren inplikatuta seguru asko. Nire ustez hori da zailtzen ari dena bilaketa erraztuko duen sistema bat ezartzea.

Nola sortu zitzaizun gaia lantzeko beharra?

Nik beti izan dut nire familian haur bat falta denaren ustea. Telebistan gaiari buruzko albiste bat ikusi nuenenean piztu zitzaidan nire zendutako ahizpa txikia haur lapurtu bat zenaren susmoa. Ez dut horren probarik. Erregistro zibilera joan nintzen eta ez nuen bere izena topatu. Bilboko hainbat udal-hilerri bisitatu nituen eta dokumentu bat pasa zidaten, gorpua hobi-komun batean lurperatua zegoela zioena. Nire intuizioak esaten dit bilatzen jarraitu behar dudala, baina ez ezer topatuko dudala uste dudalako (oso zaila baita). Nik ditudan probak beste edonork dituen berdinak dira: nire ama ospitalera joan zen eta erditze normala izan zuen. Nire aita arratsaldean itzuli zen etxera eta esan zigun oso ume ederra zela. Hurrengo egunean etortzekoak ziren ama eta ahizpa etxera, baina hurrengo egunean haurra hilik zegoen. Ez zieten gorpua erakutsi, zapata kutxa bat baino ez, beste kasuetan bezala. Hori da gure istorioa.  


“Nik ditudan probak beste edonork dituen berdinak dira: nire ama ospitalera joan zen eta erditze normala izan zuen. Baina hurrengo egunean haurra hilik zegoen. Ez zieten gorpua erakutsi, zapata kutxa bat baino ez”



Bilaketa hori duela hainbat urte egin nuen eta gauzak bere horretan utzi nituen gero. Baina beti izan dut gaia buruan. DNA proba egitea erabaki nuen orduan. Zailtasun ugari daude hori egiteko, Espainiako laborategiek ez dituztelako datuak gurutzatzen.  Gauzak hala, proba Amerikako laborategi batekin egitea erabaki nuen, baina oraindik ez zait tresneria kit-a iritsi. Badago gaiaz hitz egiteko beldurra, susmoak ez zabaltzeko eta proben desagertzea sustatzea ekiditeko. Dokumentuak eskatzen dituzunean muturreko zailtasunak jartzen dizkizute edozer gauza eskuratzeko. Nire ahizpa jaio zen ospitalean Mapfrek erosi du, eta traba asko jartzen dituzte bertan datuak lortzeko. Botere handia duen afera da, zeinetan pertsona garrantzitsu eta aberatsak inplikatuak dauden, haur lapurtu bat erosteak dirua balio zuelako, ezin zuen edonork egin.   Nik ez dut zigorrak ezartzea aldarrikatzen, egindako kaltea aitortzea eta informazioa erraztea baizik.

Guda Zibilean hasi zen dena, emakume errepublikazaleei lapurtu zitzaien umeekin. Irabazi handiak sortzen zituen jarduera zen. Bizkaiko Haur Lapurtuen elkarteari luzatu diot erakusketara bertaratzeko gonbita.

Gai sozialak jorratu ohi dituzu zure proiektuetan.

Zalantzan jartzeko modukoak iruditzen zaizkidan errealitateak lantzen ditut nire erakusketetan. Ia beti erabiltzen ditut objektuak. Nire helburua beti izaten da egoera gogor bat kontatu arren ikusten dena “polita” izatea. “Melillako aurpegiak” erakusketan, adibidez, alanbrada bat irudikatu nuen. Hesia igarotzen saiatzen ziren pertsonen gorputz atalak irudikatu nituen gero buztina erabilita eta herrialde afrikarren banderak margotu nituen gero. Oso istorio gogorra kontatzen nuen, baina erakusketa ikusteko egokia iruditzen zitzaidan. Zezenketen gaia ere landu nuen behin, zezen baten txotxongiloa batekin.

Orain erakusketa honetan murgildua nago erabat. Abendu osoan egongo da ikusgai. Ez dakit zein izango den nire hurrengo bihozkada.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide