Hainbat egokitzapen egingo ditu Aiarako Udalak Arespalditzako osasun zentroaren inguruan, gunea irisgarriagoa egiteko helburuarekin.
Alde batetik, modu malkartsuan etenda dagoen espaloi zati bat luzatuko dute, osasun zentrora oztoporik gabe heldu ahal izateko. Kontsulta dagoen eraikineko fatxadaren albotik joango da espaloi hori, aparkaleku kopurua handitzeko espazioa libre utzita.
Hori da obren bidez egingo duten beste gauza bat: aparkatzeko zonalde berri bat egokitzea. Horrez gain, “ezgaitasunen bat duten pertsonentzako eta anbulantziarako aparkaleku bana” eraiki nahi dituzte, udalak jakinarazi duenez. “Inguruko bizilagunen eskaerei, baita osasun zentrora jotzen duten gainerako herritarrei erantzuna ematen dion hobekuntza proiektua da”.
Tokiko erakundeak nabarmendu du obrek kirol-pistarako oinezkoentzako pasabidea planteatzeko beta emango dutela. “Era berean, aukera egongo da zakarrontzientzako espazio bat egokitzeko”.
34.981,61 euro baliatuko dituzte lanak gauzatzeko. Arabako Foru Aldundiaren Obra Txikien diru-laguntzen deialdira aurkezteko asmoa du udalak, finantzaketa lortzeko xedearekin. Onartuko balute, 2019an egikaritu beharko lukete.