Pasa den astean jakinarazi zuen Garak egoera kritikoan dagoela. Zein da eta zergatik sortu da?
Egin egunkariaren itxiera agindu ondoren, Baltasar Garzonek ebatzi zuen Eginek Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Garak ordaindu behar zuela. Handik sei urtera Espainiako Auzitegi Gorenak berak esan zuen Eginen itxiera legez kontrakoa izan zela, baina zorraren auziak aurrera jarraitu zuen, helegite bide guztiak agortu arte.
Pasa den irailean zorra kitatu edo ixteko agindua heldu zen. Garako zuzendaritzak azaldu zuenez, itxiera ez da aukera bat. Hortik aurrera zor horri aurre egiteko akordioa bilatu zen. Gizarte Segurantzak jarritako baldintzak izugarri gogorrak dira, zorra kitatzeko sei hilabetero milioi erdia ordaintzera behartzen dute Gara, guztira 3 milioi baino gehiagoko ordainketa bete arte.
Nolakoa izan da "kolpea", adierazpen askatasunari zein hedabideari dagokionez?
Sektoreak duen egoera ekonomikoa kontuan hartuta kolpe itzela da, zenbakiei begiratuta proiektuaren etorkizuna zalantzan jartzen du. Egunotan esan dugunez, urte osoko langileon soldaten kopurua gainditzen du zorrak. Hau nondik datorren ikusita eraso argia da eta Gara ekonomikoki itotzea bilatzen zuen.
Kazetaria izateaz gain herritarra eta informatuta egon nahi duen prentsa irakurlea ere banaiz, eta argi daukat Gara gabe gauza batzuk ez liratekeela kontatuko, ahots asko eta kontakizun ezberdinen koloreak galduko lirateke, eta herri honen eraikuntzarako atzera pausu erraldoia izango zen. Hori guztiagatik ezin da itotzen utzi.
Pasa den mendeko azken urteetan itxi zuten Egin. Badirudi ildo bera jarraitzen duela egungo egoerak, nola bizi izan dituzu zuk biak?
Eginen kontrako operazioa basatia izan zen, ondorioetan, formetan, emandako argudioetan eta entzun eta irakurri behar izan zen guztiagatik.
Polizi mordoa sartu ziren Hernaniko erredakziora, lankideak atxilotuta urteetan jasan behar izan zuten prozesu judiziala. Ondoren, Euskal Herritik urrunduta pairatu behar izan zituzten kartzela zigor bortitzak, sufrimendu handia eragin zuten familia askotan... Eta bortizkeria horren barruan gutxienekoa bada ere, langabezian utzi zituzten langileak, lanik gabe ere utzi gintuztelako eta langile mordoa ginen.
Oraingo honetan formak ez dira hain bortitzak, baina finean zorraren kontu honekin proiektuarekin bukatu nahi izan dute. Ezpata hori gainean sentitu dugu beti, lehen eta orain. Estatu espainiarrean ez dira inoiz garai onak izan adierazpen askatasunarentzat; ezta bestelako eskubide demokratikoentzat ere, egunero ikusten dugu hori, eta errez somatzen da erasoek zer norabide duten, orain Venezuelaren kontra demokraziaren izenean, Herrialde Katalanak...
Langileen artean nolakoa da animoa?
Kezka logikoa dago, baina ez dut ezagutzen bat bera ere amore emango duenik. Eskaini ahal dugun onena gure lana da, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu.
Zein da abian jarriko duzuen irtenbidea?
Bidegabekeriaren aurrean instituzioei, alderdiei eta bestelako eragileei laguntza eskatu zaie. Egunotan hunkigarria da zenbat jende hurbildu zaigun animoak eman eta laguntza eskaintzera. Sortuko dira seguruenik ekimenak, baina egun GARA eta NAIZi eman ahal zaion babesik onena harpidedun egitea da.