“Nire semeak adierazi zidanean transexualitate prozesua abiatu nahi zuela, astebetez ukatu nuen”

Aitor Aspuru Saez 2019ko mar. 7a, 19:04
Naizen elkarteko kidea da Susana Mendez Lertxundi. / Aiaraldea.eus

SUSANA MENDEZ LERTXUNDIk (Luiaondo, 1963) errealitate ezezagun baten aurrean topatu zuen bere burua duela bi urte. Bere semeak jakinarazi zion transexualitate prozesua abiatu nahi zuela eta horrek eragin handia izan du bere bizitzan.

Zure semea transexualitate prozesuan dago, nola izan zen errealitate hori onartzea?

Oraindik ez da bukatu. Zaila eta zeharkakoa da. Lehenik eta behin nire semeari eragiten dio, gero familiari, lagunei, komunitateari eta prozesu medikuei, psikiatrikoei, psikologikoei, hezkuntzari eta esango nuke politikoei ere.

Hau guztia gainera etorri zitzaigun duela 2 urte nahi eta jakin gabe, 2017ko otsailean. Ez genuen aurreikusi. Bat-batean izan zen. Zenbait gurasori, ordea, bistakoa egiten zaie prozesua. Adibidez, janzkeraren, jolasen edo adierazpenen bidez. Aldiz, gu shockean geratu ginen.

Semeak jakinarazi zidanean astebetez ukatu nuen. Esaten nion, adibidez: “Hau ezinezkoa da, agian lesbiana zara”. Gizagaixoak uste zuen nik onartuko nuela berehala, arazorik gabe.

Bolada bat igarota esan ohi zidan, erdi txantxetan: “jakin izan banu, aitari esango niokeen lehenbizi”. Egia esanda, nire senarraren erantzuna hasieratik izan zen onarpena eta baldintzarik gabeko babesa.

Shock horren ostean, Naizen elkartearekin jarri ginen harremanetan -garai horretan Chrysallis EH-. Astebete geroago familia osoa joan ginen bere egoitzara Donostian eta Aingeru Mayorrekin elkartu ginen, garaiko lehendakariarekin.

Nire baitan espero nuen entzutea: “Pasatuko zaio”. Hasieratik ulertu nuen esku hartu behar zela eta azkar. Bitxia da, bi urte igaro direla eta orain ezinezkoa zait nire semea ikustea neska baten moduan.



“Ez genuen aurreikusi. Bat-batean izan zen. Zenbait gurasori, ordea, bistakoa egiten zaie prozesua. Adibidez, janzkeraren, jolasen edo adierazpenen bidez. Aldiz, gu shockean geratu ginen”



Behin onartua, bi erronka daude, semeari begirakoa eta gizarteari dagokiona. Zuek aitzindariak izan zineten eta Luiaondon hitzaldia egin zenuten. Nolakoa izan zen erantzuna?

Bai, Laudion bizi arren, Luiaondon jaio nintzen eta nire senarrak eta semeek denbora asko ematen dugu hor. Behin gure egoera jakitera ekin geniola familiari, lagunei, ikastolari... beharrezkoa iruditu zitzaidan herriak gure errealitatea ezagutzea.

Aiarako Kuadrillako teknikariaren eta Luiaondoko Administrazio Batzarraren laguntzaz, Bea Sever Naizen elkarteko sortzailearekin harremanetan jarri nintzen eta hitzaldia antolatu genuen Otueta Gizarte Etxean.


“Nire baitan espero nuen entzutea: 'Pasatuko zaio'. Hasieratik ulertu nuen esku hartu behar zela eta azkar. Bitxia da, bi urte igaro direla eta orain ezinezkoa zait nire semea ikustea neska baten moduan”



Nire asmoa zen betidanik ezagutzen ninduen jende nagusi orok ulertzea semea genuela, eta ez alaba. Batzuk hunkitu ziren, besteek positiboki baloratu zuten horrelako hitzaldiak ematea, eta zenbaitek adierazi zuten ez zutela ulertzen, baina errespetatzen zutela.

Iruzkin bat ez dut inoiz ahaztuko: “zure semeak asko sufritu behar izan du hainbeste denboraz gorde ostean”. Bi urteren ondoren, galdetzen didate nola doan prozesua era eskertzekoa da.


“Nire asmoa zen betidanik ezagutzen ninduen jende nagusi orok ulertzea semea genuela, eta ez alaba”



Zer nolako isla izan du transexualitate prozesua zure semearen bizitzan?

Oso lan bizia izan da. Familiari jakinarazi eta gero, hurrengo urratsa zen eskola mundua: irakasle eta ikaskideei esatea. Bertako arauak ezberdinak dira eta helduok eragin gutxi daukagu.

Bere betiko koadrilak babestu du, baina ikasi dugun moduan, transexualitate prozesuan eta nerabezaroan ez dio bakarrik agur esan haurtzaroari, baita neska izateari ere.

Nerabezaroa, berez gogorra bada, gure seme-alabentzat ahalegin izugarria bilakatzen da. Paraleloki, eta zorionez, Joserra Landarroitajauregi Bilboko psikologoa tratatzen hasi zen. Kolektibo transexualarekin daramatza 25 urte lanean. Laguntza horrekin lortu dugu aurten batxilergoko lehen urtea aurrera ateratzea.



Berebiziko beste aldea da tratamendu medikuarena. Aurretik oso pentsatuta zuen eta sarean informatu zen hormonazioari buruz, alde eta kontrak ikusita. Zentzu horretan, berak beti izan du oso argi zeintzuk ziren eman beharreko urratsak.

Jakina, guk beti lagundu dugu endokrinora joaten, adinez txikia baita. 2017ko abuztuan hasi ginen joaten Gurutzetako Genero Unitatera, EAEn osoan erreferentziazkoa dena.

Hemen badago aldagai psikiatrikoa, eta une hauetan borrokatzen ari gara desagertu dadin protokolotik. Transexualitate prozesua oraindik jotzen dute patologiatzat. Genero disforia deitzen dute eta psikiatria eskuliburuetan dago. Antzekoa gertatzen zen homosexualitatearekin duela urte batzuk, gaixotasuna zela uste zuten. Gurasoon artean maiz aipatu dugu genero unitateko psikiatrak tematuta daudela zerbait anormala ikustean, zerbait ezberdina sumatu nahi dute gure seme-alabetan. Baina beste edozein nerabe bezalakoak dira, bizitzeko euren arazoekin, jende oro legez.



“Semea sarean informatu zen hormonazioari buruz, alde eta kontrak ikusita. Zentzu horretan, berak beti izan du oso argi zeintzuk ziren eman beharreko urratsak”



Hormonen prozesua berez zaila da guztientzat, baina gako nagusia da nerabe askorentzat berebiziko garrantzia duela. Horrela bizitzen dute eta adituak adi egon behar dira eta egoeraren larritasunaz kontziente izan.

Adin txikiko batek eskatzen badizu tratamendu bat da bere sufrimendua handia delako. Hortaz, eman iezaiozu, oso erraza da. Tratamendu endokrinoak blokeatzaileekin eta hormonak ematen dizkiete hainbat umeri endokrinoan gaixotasuna dutenean edo behar ezberdinen harira. Haur transexualen kasuan, ordea, zalantzan jartzen da etengabe: “agian aurrerago pasako zaio”, “itxarongo dugu”...

Mediku eta psikiatrek epaiketa morala egiten diete gure seme-alabei, hori da benetan gertatzen dena.

Naizen elkartean parte hartzen duzue, transexualitatea gizarteratzen dena. Zer nolako lana egiten duzue?

Elkarteak egiten duen lana sinestezina da. 2015ean sortu zuten 8 familiarekin eta estatuko Chrysallisen zegoen. Egun Naizen bilakatu gara, EAEn eta Nafarroan. 100 familia baino gehiago gara eta elkarteak ahalbidetu digu indarrak batzea eta elkarrekin borrokatzea.

Jende oso baliagarria dago, langilea. Prozesuan aurrera egitea sustatu dute hezkuntzan, legedian eta esparru sanitarioan. Are gehiago, gaur oso ezagunak gara 2017an dibulgazio lana egin zelako kartelekin markesina eta publizitate espazioetan, bulba duten mutilak eta zakila duten neskak ikustarazteko.

Paradoxikoki, “Hazte oír”-en autobus laranjaren kontrako mugimenduak ikusarazi gaitu eta inoiz baino oihartzun gehiago izan dugu.

Gure errealitatearen ikusgarritasunean zentratzen da elkartearen jarduna. Dibulgazio lanak, hitzaldiak, eta trebakuntza eskaintzen dugu gurasoei, eta profesionalei esparru sanitarioan, ikastetxeetan...



“Paradoxikoki, “Hazte oír”-en autobus laranjaren kontrako mugimenduak ikusarazi gaitu eta inoiz baino oihartzun gehiago izan dugu”



Aisialdi ekintzak ere egiten ditugu, baina erakundeen laguntza beharrezkoa da oraindik sendotzeko. Erakundeen foroetan ere lan egiten dugu: hezkuntzan osasun sisteman eta legean.

Gurasoak WhatsApp bidez gaude harremanetan. Oso bizia da. Jazarpen kasuren bat ematen bada, adibidez -oraindik ere gertatzen da umeen artean eta irakasleren baten partetik gure umeen aurka-, berehala saiatzen gara aholkuak eta irtenbideak ematen.

 Oro har, ibilbidea egin duenak laguntzen du atzean datorrena prozesuan, eta horrek hurrengoa, ahal duen neurrian. Elkarteak babestuta sentiarazten gaitu, familia baten parte.

Gure lehenengo harremana gogoratzen dut oraindik. Berretsi genuen bizitzen ari ginena. Jakin genuen familia gehiagori gertatzen ari zitzaiela eta ez zegoen beste aukerarik, borrokatzea gure semea izan ez dadin gutxiengo baztertu eta zapuztu baten parte.

Naizen sorkuntzarekin uste dut aurrera pausua eman dugula gure ekintzak sendotzeko kolektibo moduan.

Hala ere, ez da lan erraza.

Heldu transexualetan suizidio tasa de %41ekoa da, eta populazioaren artean, %1,6koa. Guraso bezala, alertan jartzen zaituen lehenengo datua da. Ekairen suizidioak oraindik hunkitzen gaitu. Ekairen argitasuna hain handia izan zen, ezen erakutsi baitzigun hau ez dela jokoa, ez da zerbait artifiziala, perbertsoa edo guraria.

Epeekin batzuek sufritzen dute eta berebizikoak dira. Ekairen kasuan, adibidez, beharrezkoa zen eta ez zen heldu. Eman behar diegu behar dutena euren prozesua igarotzeko, euren epeak errespetaturik.

Euren borroka, gehienbat, euren baitan daukate. Nik galdetzen diodanean nire semeari zergatik ez duen onartzen bere gorputza, erantzuten dit: “Ama, kultura honetan jaio naiz eta erakutsi didate ez dela existitzen mutilik bulbarekin. Nik nahi dut jendeak ni ikustea naizen moduan”.

Gurasoon artean esaten dugu: “ea bere gorputza onartzen duen...”. Gertatzen dena da eurek ezin dutela hamarkadak itxaron direna arrunta bilakatzeko, euren itxura moldatu gabe. Ezin dute itxaron 40 urte barru. Harremanak izan nahi dituzte neska eta mutilekin diren moduan.

Badakit jende askok esaten dugunaren aurka egiten duela. Hala ere, oso erraza da: hau betidanik existitu da, baina makineria sozialak isildu du, inguru hurbilenetik hasita eta komunitatean eta politikan jarraituta.


“Orain hasi naiz ulertzen krisalidaren sinbologia, prozesu ilunean eraldatzen dena kanpora eta zerbait polita bilakatu arte. Hori da nire semea, dudarik gabe”



Nire buruari galdetzen diot non dauden ume horiek guztiak. Bihotza apurtzen zait pentsatuta zenbat jende geratu den bidean, edo zenbat izan den zorigaiztokoa. Gezurrezko bizitza izaten, inposatuta.

Nire semearen kasuan esan dezakegu tunelaren bukaeran argia ikusten dugula. Orain hasi naiz ulertzen krisalidaren sinbologia, prozesu ilunean eraldatzen dena kanpora eta zerbait polita bilakatu arte. Hori da nire semea, dudarik gabe.

Familia bakoitzak prozesua modu batean eramaten du, Naizen guraso gehienek seme-alaben transexualitate prozesua onartzen dute, baina badaude onartzen ez dutenak eta arazoak sortzen dira sendietan. Espero dut mezua heltzea horrelako prozesua batean sartuta daudenari, ulertu dezan askok aurrera egiten dutela.

Egiten duzuen lanak garrantzia gehiago dauka, transexualitate prozesu osoaren jarraipenik ez baita egin.

Kolektiboaren barruan aniztasuna oso zabala da, gainerako herritarren artean bezalakoa. Mutil batzuek futbola gogoko dute eta besteek ez. Neska batzuek arrosa gustuko dute eta euren feminitatea azpimarratu nahi dute eta beste batzuek ez. Gainera, adinaren arabera generoa adierazteko modua ere aldatzen doa.

Halaber, eta hau oso garrantzitsua da, batzuek euren ezaugarri biologikoak onartzen dituzte eta beste batzuek ez. Modu berean, batzuk txikitatik adierazten dute bere nortasuna eta beste batzuek pubertarora heltzean egiten dute.

Esaterako, badaude neskak ez dutenak nahi euren bigarren mailako ezaugarriak ez larriagotzea (ahotsa, ilea, zintzur korapiloa...) gizarteak mutil bezala ez identifikatzeko. Asko izutzen dira eta, egia esanda, atzera bueltarik ez duten aldaketak dira.  Ahotsa oso zaila da aldatzeko eta prozesu hori bakarrik alda daiteke “blokeatzaileekin”. Arazo pilo dago pubertaroaren garapenaren arabera. Epeak oso inportanteak dira.  

Gurasook ikasi dugu jarraitu behar dugula eurek eskatzen duten erritmoa. Batzuetan tirabira dago eta zaila da oreka bilatzea.

Bi tratamendu mediku nagusi daude: blokeatzaileak eta hormonazioa. Ez dakigu zeintzuk diren ondorioak epe luzera, ez batan ez bestean. Bide hori hartzen duen lehen belaunaldia da hau, nahiz eta helduetan ere ezagutzen ditugun.

Naizenen, bere gaitasunen barruan, prozesuak jarraitzen eta jasotzen ditugu. Denbora tarte luzea behar dugu frogatzeko. Hala ere, azpimarratu nahi dut gure seme-alabentzat berebiziko garrantzia duela bide honek.

Transexualitatea zokoratuta egon denez, oraindik eztabaida handia dago errealitate horren aurrean.

Bai, gaiak asko nahasten gaitu barrutik. Prozesutik gertu bizi zarenean, ikusten duzu sistema osoa zure gain botatzen dela. Erlijioan fedea zalantzan jartzea bezalakoa da: “hau horrelakoa da eta kitto, mutila izateko zakila izan beharra duzu”. Kontrakoa aberrazioa da. Zorionez, sufrimenduarekin tolerante eta enpatikoa den jendea dago. Hala ere, uste dut badagoela maiz askatasunaren beldurra, bereziki, besteon askatasunarekikoa.

Diskurtso horrez gain, kolektiboaren eskubideen alde egiten duen mugimenduan ere badago beste bat. Teoriko batzuek kritikatzen gaituzte, gurasook, ustez, sustatzen dugulako umeen gehiegizko medikalizazioa. Argi gera dadin, gure seme-alaben sufrimendua oso handia da eta eurek bakarrik nahi dute bat egitea gizartearekin.

Bea Naizen elkarteko kideak esaten duen moduan: “Gure seme-alabek nahikoa dute bizirautearekin, ezin diegu eskatu heroiak izatea”. Jakina, guretzat idealena litzateke euren buruak eta gorputzak onartzea eta maitatzea diren moduan. Baina hori esaten dugu gizarte batean zeinean gorputz bikaina ez izatea zigortuta dagoen. Nerabeak hiltzen dira gosez irrikitan daudelako baloratuak izateko naturalak ez diren irizpide batzuetan. Nortzuk gara gu gure seme-alabei ezer exijitzeko?

Badago feminista talde bat “TERF” deiturikoa, une hauetan diskurtso izugarri transfobikoa duena. Nire ustez, batere enpatikoa ez den teoriarekin bat egiteagatik gertatzen zaie hori eta, azkenean, bueltan itzuliko zaie. Ez dago munduan emakume transexuala baino gizaki zapalduagorik, eta hori talde feminista batetik etortzea ez da oso koherentea.

Hilabete hauetan ikusi da muturreko eskuina agertu dela. Pertsona transexualen eskubide urriak arriskuan daudela uste duzue?

Harrigarria da jende honen diskurtsoa. Sortu nahi dute mantra bat: genero legea gizonezkoen aurkako bidegabekeria dela eta, gainera, LGBTI+ kolektiboa ikustezin bihurtzen saiatzen dira.

Txundituta geratu nintzen ikustean VOXek bere lehenengo indar erakustaldietan jarraitzaileak bilatzeko “Hazte oír” taldea alboan izatea. Hau da, autobus laranjarekin hainbeste polemika sortu zuen taldea. Ez dut ulertzen zertara datorren hau.

Herrialdea pikutara doa eta lehentasuna da emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideak murriztea. Espero dut jendearen zaintza eta maitasuna gailentzea intrantsigentzia eta ankerkeriaren aurrean.

Bukatzeko, Naizen elkarteko webgunea bisitatzeko gonbita luzatu nahiko nuke. Bertan topatu daiteke informazio guztia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide