Iaztik %6.1 hazi da Aiarako udal aurrekontua, 2.3 milioi euro izango ditu Udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 27a, 07:30
Aiarako udal aurrekontuak onartu dituzte. / Aiaraldea.eus

EAJ eta Aiara Batuzen aldeko bozekin onartu zen 2019ko udal aurrekontua. EH Bildu kontra agertu zen, "ausardiarik eta proiekturik gabekoak" iruditu zitzaizkiolako.

Aiarako Udalak 2019ko aurrekontuak onartu ditu. EAJ eta Aiara Batuz alderdiek alde bozkatu zuten, eta EH Bilduk aurka. 2.365.289€ izango ditu Aiarak egitasmoak aurrera ateratzeko, iaz baino %6.1 gehiago. 

Aurrekontuaren zertzelada nagusiak arloka
Gobernu taldeak igorritako prentsa oharrean ongizatea sustatzeko inbertsioak nabarmendu dituzte, besteak beste. Bizi zaitez bizi izango da programa horietako bat. Horrez gain, ikastaro eta tailerrak eskaintzeko 41.000€ erabiliko dituzte, euskara sustatzeko 22.200€, eta berdintasuna bultzatzeko 8.000€.

Proiektu berriak
Aiarako Gaztelekua izango da aurtengo proiektu izarretako bat, 11.000€ bideratuko baitira kudeaketara, eta 1.500€ berau hornitzera.

Bestalde, 57.500€ gorde dituzte Etxaurren Ikastolako 2 urteko gelako zerbitzua hobetzeko. Batzar Administratiboei dagokienean, berriz, 230.000€ edukiko dituzte. Horri, argiteria publikoa, bideen atonketa eta bestelako beharrei erantzuteko erabiltzen diren 80.000€ partida gehitu behar zaio.

Obren alorrean, Arespalditzako osasun zentroko aparkalekuaren berriketa izango da nobedadeetako bat, udal igerilekuetako plaza eremua estaltzearekin batera.

Bestalde, honako ekimenak lagunduko dira diruz kultura eta historia ondareak ezagutarazteko: ondare historikoaren zabalpena (2.000€), Babioko indusketa (10.000€), Euskadiko bolo txapelketa Kexaan jokatzeko diru-laguntza (3.500€), oinezkoen bide sarea (5.000€) eta udal ibilgailuaren aldaketa (11.000€).

EH Bilduren arrazoiak
EH Bilduk hainbat arrazoi eman ditu aurkako botoa argudiatzeko. “Beti aurkeztu ditugu emendakinak, baina udalak bi gauza egin ditu gure ideiekin: baiezkoa eman eta gero ez gauzatu edo bere modura garatu”, azaldu du Josu Artetxe zinegotziak. Malato zuhaitzeko ekitaldia jarri du horren adibide gisa. “Proposamena gurea zen, baina udalak jeltzaleen ekitaldi bihurtu zuen”. Horrez gain, aurrekontuak “oso apalak” direla gaineratu du EH Bilduko kideak, “ez dago proiekturik ez eta gauza berriak egiteko ausardiarik”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide