Aiarako Kuadrillan onartu zenetik martxan dago indarkeria matxistaren aurkako protokoloa. Miren Urresti teknikariaren esanetan, eragileen arteko koordinazioa sustatuko du, eragile guztiak kontuan hartuta: "Ertzaintza, Aiarako Kuadrilla, udalak, Osakidetza, Ikastolak... baita eragile feministak zein herritarrak ere".
Herritarren ekarpenak jasotzeko baliatu zuten 2018ko Berdintasun Topaketa, eta martxoaren 15ean onartu zen plana Aiarako Kuadrillako bilkuran. Bost ardatzetan laburtu dituzte egitasmoaren nondik norakoak: koordinaziorako egiturak, sentsibilizazio eta prebentziorako informazioa; arreta integrala, erreparazioa eta ahalduntzea; salaketa publikoa eta hobetzeko proposamenak. "Urtero ebaluazioa egingo dugu", aurreratu du teknikariak. "Protokoloa eta plana tresna aproposak izango dira eragileen arteko koordinazioa eta kolaborazioa ardatz dituztelako", erantsi du.