"Ia 50 urte igaro dira txirrindularitza utzi nuenetik, baina oraindik harro sentitzen naiz"

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 17a, 15:00

Kas taldean aritu zen Jose Mari Basualdo. / Aiaraldea.eus

JOSE MARI BASUALDO (Luiaondo, 1948) txirrindulari profesionala izan zen Kas taldean eta Espainiako Txapelduna ziklokrosean. Bere markarik onena diziplina horretako munduko txapelketan eskuratu zuen 1970ean, 2. postua eskuratuta.

Nola hasi zinen txirrindularitzan?

Nik Aiarako eta inguruko ziklokros lasterketa guztietan parte hartzen nuen eta irabazten nituen. Horregatik animatu ninduten federatzera. Urtarrilean egin nuen lizentzia eta hil horretako 14an lehiatu nintzen lehenengo aldiz modu horretan. Emaitzak onak izan ziren eta otsailean Munduko Txapelketan aritu nintzen. Ziztu bizian izan zen.

Lehen txapelketarako nire kabuz prestatu nintzen. Gero federazioak gehiago zaindu ninduen. Niretzat inkognita bat zen dena. Lehenengo aldiz atera nintzen etxetik eta Luxenburgora bidali ninduten.

Hurrengo urteetan Munduko Txapelketan hainbat aldiz lehiatu nintzen eta 2., 5., 8., 10. postuetan geratu, besteak beste. Lehenengo aldian probatu nuen, bigarrenean oso ondo lehiatu, baina erorketa baten ondorioz hamargarrena izan nintzen.

Hirugarren urtean "eztanda" egin nuen. Estatu Espainiarrean 25 lasterketa zeuden eta, oker ez banabil, 20 irabazi nituen eta besteetan bigarren izan nintzen. Munduko Txapelketan 2. postua eskuratu nuen.

Zehazki, Pontevedran izan zen Espainiako Ziklokros Txapelketa. Irabazi nuen igande batean. Egunean bertan hautatu ninduten selekzioan aritzeko eta astelehenean Tolosara joan ginen autobusez. Handik Zolderrera, Belgikara, jo genuen hurrengo egunean. Egun batzuk behar izan genituen heltzeko eta igandean 2. postua erdietsi nuen.

100.000 pezeta irabazi genituen taldekook. Bakoitzak 18.000 eskuratu zituen, mekanikariari ere ordaindu behar baitzitzaion. Podiumera igo eta ia bakarrik nengoen, ez zegoen ezta nire ama ere. Ez hedabiderik, ez ezer, beste garai batzuk ziren.

 

“Nire 3. urtean ‘eztanda’ egin nuen. Estatu espainiarrean 25 lasterketa zeuden eta 20 irabazi nituen”



Zer nolako baliabideak zenituen hastean?

Nire lehenengo lasterketan ez zuten nahi parte hartzea, nire bizikleta oso txarra baitzen. Dena laga zidaten: kamiseta, kulotea... Azkenengoa bukatu nuen, baina pozik. Ziklokroseko entrenatzaileak agindu zidan astean bitan baino ez hartzea bizikleta, eta horrela egin nuen. Hurrengo lasterketan ikusi nuen funtzionatzen nuela eta 7. postuan sailkatu nintzen. Hirugarrenean ondo egiten ari nintzen, baina bi aldiz zulatu zitzaidan gurpila eta lasterketa utzi nuen.

Hurrengo probarako txirrindula erosi zidaten herrian. Karpy taldeak izugarri lagundu zuen eta horrekin hobera egin nuen.

Berehala ikusi nuen profesionala izateko aukerak nituela. Urtarrilean hasi nintzen eta lasterketak irabazi nituen handik gutxira. Kontuan hartu ninduten.

Abenduan Antzuolara joan nintzen lasterketan parte hartzera eta Anton Barrutiak proposatu zidan KASeko kidea izatea. Berehala sinatu genuen, eman zidan uniformea eta lasterketan parte hartu nuen.

Ez zegoen kontzentraziorik ez ezer. Hurrengo neguan hasi nintzen KASekin lasterketetara joaten.

Denbora askoz lehiatu zinen?

1968ko urritik 1970eko maiatzera arte bizikletaren gainean egon nintzen etengabe, ziklokrosean zein errepidean. Une horiek izan ziren onenak. Gero zerbitzu militarra egitera joan nintzen eta etenaldia izan nuen.

Munduko Txapelketan 2. izan nintzenean domina oparitu nion Espainiako Kirol Ordezkariari zerbitzu militarra egitetik salbatzen ninduen ikusteko, baina ez zuen ezer egin. Sekulako ustekabea izan zen. KAS taldekoek 3 hilabeteko baimena lortu zidaten: abendua, urtarrila eta otsaila.

Nik KAS taldearekin ez nituen lasterketa handienak egiten, baina bai Euskal Herriko edo Kantabriako birak. Giro-ra joateko zorian egon nintzen 1970ean, baina federazioak lizentzia blokeatu zidan, Munduko Ziklokros Txapelketan parte hartzeko hurrengo urtean. Soldatarik eta ezer ez gabe utzi ninduten, gainera. Nire ibilbidea izorratu zuten. Agian gero Giroan ez nukeen ezer egingo, baina aukera izango nuke, behintzat.

 

“Girora joateko zorian egon nintzen, baina federazioak lizentzia blokeatu zidan. Nire ibilbidea izorratu zuten”



Zerbitzu militarraren ondoren ez zenuen sasoia berreskuratu?
1969an hasi zen nire gainbehera. Erorketa izan nuen Gipuzkoan, Aizpurutxun. Felix Gonzalezek, Zuberok eta beste baten batek ihesaldia egin genuen eta bihurgune batean erori nintzen, abiadura bizian. Istripu ugari egon dira hor.

Hasieran uste zuten hilda nengoela, harri baten aurka jo nuen. Une horretan ez zen ezer gertatu, baina apurka-apurka gainbehera fisikoa izan nuen. Azkenean sendagile batek esan zidan txirrindularitza utzi behar nuela, lepaornoak txikitu nituen eta. Medikuak hori jakinarazi bezain laster, uko egin nion kirola praktikatzeari. Nik sumatzen nuen jadanik erren nengoela.

6 urtez bakarrik aritu nintzen bizikletan, medikuek 4 ebakuntza egin zizkidaten eta ez zuten ezer lortu, eta gainera nire patrikatik ordaindu nituen. Orain larrutik ordaintzen ari naiz istripua, baina aintzat hartuta hiltzeko zorian egon nintzela, modu positiboan pentsatu behar dut eta zorionekoa izan nintzela uste dut.

Kirola utzi ostean, aurrera egin behar izan nuen. Denda ireki nuen neskalagunarekin -orain emaztea dena- eta gero Tubacexen egin nuen lan.

Gero jarraitu zenuen txirrindularitzan?

Alde batetik, oso lanpetuta egon nintzen dendan eta lantegian. Bestetik, apur bat iparra galduta eta desanimaturik bukatu nuen. Behar nuen babesa ez nuen lortu. Bestelako jarraipen medikurik eduki izan banu, ziurrenik bizikleta aurretik utziko nukeen.

1969aren ostean etorri zen gainbehera. 1970an hegan egiten nuen, nahiz eta guztiz ondo ez egon. Horrez gain, basakeriak egin zizkidaten, filtrazioak, ebakuntzak... Proba bankua izan nintzen eta orain nabaritzen dut.

Gaur egun, denbora asko igaro arren, zaletu askok gogoratzen zaituztete eta omenaldia egingo dizute apirilean.

Bai, gazteek ez ezagutzea normala da, ia 50 urte igaro dira utzi nuenetik, baina oraindik harro sentitzen naiz.

Hori bai, nik omenaldiekin ez dut zerikusirik. Nik proposatu nuen bazkaria egitea, baina txirrindulari ohiekin, Aiaran asko baitaude, eta begira zer prestatu didaten. Ederra egin didate. Espero dut dena ondo ateratzea. Tontakeria dirudi, baina ni urduri nago, ea nola jasaten dudan. Nire ustez, bazkaria urtero egin beharra dago, Aiara txirrindularien eremua baita.  Ni ez naiz txapeldun bakarra. Hor daude Alvaro Fernandez, Izaskun Bengoa edota Luisa Ibarrola, Amurriotik atera gabe. Badaude ere Solaun, Unzaga, Isasi anaiak...

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide